Azaroaren 2an abiatuko da Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua
Datorren asteartetik, azaroaren 2tik hasita, erroldatuta dauden donostiarrek Urrezko Danborrerako proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte azaroaren 14ra bitartean. Herritarrekin batera elkarte, fundazio, kirol elkarte eta Donostiako Udaleko udal taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete.
Proposamenak Internetez egin ahal izango dira udalaren webgunean, baita aurrez aurre ere Herri Partaidetzako Easoko bulegoan. Bertaratzen diren pertsonek laguntza teknikoa jasoko dute online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Bakoitzeko proposamen bakarra onartuko da.
Aipaturiko epea bukatuta, Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza zerbitzuak proposamenak aztertuko ditu azaroaren 15etik 26ra bitartean. Txostenak udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko dira. Azaroaren 29tik abenduaren 3ra bitartean batzorde horrek gehienez hiru hautagai aukeratuko ditu. Hautagai batek Bozeramaileen Batzordearen gehiengo berezia lortuko balu –hau da, udalbatzaren ordezkaritza ponderatuaren bi herenak–, Urrezko Danborra zuzenean jasoko luke.
Gehiengo hori lortzen ez bada, Urrezko Danborraren aukeraketa herritarrek egin ahal izango dute boto bidez abenduaren 13tik eta 20era bitartean. 16 urtetik gorako herritar erroldatuek irabazlea hautatzeko aukera izango lukete herri-bozketa bidez, udalaren webgunean eta aurrez aurre ere Herri Partaidetzako Easoko bulegoan, non laguntza teknikoa emango da plataforma bidez bozkatu ahal izateko. Pertsona bakoitzak behin bozkatu ahal izango du. Horrenbestez, abenduaren 21ean jakinaraziko luke udalak hautagaitza saritua, boto gehien jaso duena, eta ondoren udalbatzarrak berretsi beharko du.