Maria Inmaculadako 320 plazako aparkalekua ez dute baimendu, momentuz
Gaurko Tokiko Gobernu Batzordeko gaien artean zegoen Groseko Maria Inmaculada ikastetxean aparkaleku bat eraikitzeko lizentzia. Dena dela, Eneko Goia alkateak adierazi du udal gobernuak ez duela onartu oraindik aztertzeko “gauza batzuk” falta direlako. Gaur onartu ez bada ere, epe motzean udalak lizentzia baimenduko duela aurreikusten da.
Donostiako Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran onartu zuen Groseko Maria Inmaculada ikastetxearen lursaileko azken xehetasun ikerketa. Ikastetxea itxita, Maria Inmaculada Provincia España fededunen kongregazioak udalari aurkezturiko hirigintza proposamena garatu ahal izango du. Hau da, lau izarreko hotel bat, ikasleentzako egoitza bat, supermerkatu bat, jatetxe bat eta lurpeko aparkaleku bat eraiki ahal izango dituzte. Hain zuzen ere, lurpeko aparkalekuari lizentzia emateko proposamena aztertu dute gaur udaletxean.
Esan bezala, aparkalekuak 320 plaza izango ditu, 93 erabilera publikokoak izango dira eta 227 erabilera pribaturako. Hau da, egoiliarrentzat.