Mirakontxako Nuestra Señora de Iziar etxea hotel bat egiteko botako dutela salatu dute
La Fe pasealekuan dago Nuestra Señora de Iziar etxe historikoa. (Argazkia: Ancora) Ancora Ondarearen Babeserako Elkarteak salatu duenez, Donostiako Udala Mirakontxan beste hotel bat egiteko baimena izapidetzen ari da, La Fe pasealekuko 23. zenbakian, Nuestra Señora de Iziar etxe historikoan, alegia. Ancorak proiektua kritikatu du, etxeak 100 urtetik gora daramatzalako zutik eta EHOBPB-aren azken berrikuspenean ondorioztatu zutelako etxeak “interesa” zuela, La Fe pasealekuko etxe historikoen multzoko parte delako. Izan ere, historian zehar moldaketak izan baditu ere, XX. mende hasierako maisons de villégiature etxeetako dorre angular bereizgarria mantentzen du. Ancorak gogorarazi du azken urteotan hotelak egiteko eman dituzten baimen ugari etxe historikoen kontura izan direla, esaterako, Aldapeta 62ko Itxas Gain etxearena.
Ramon Kortazar arkitektoak proiektatu zuen etxea 1907an, Julian Lojendio estatuko abokatuarentzako; Gipuzkoako Mikeleteen burua eta Nazioarteko Elkarrizketa Katolikoen zuzendaria ere bazen. Haren seme Juan Pablo Lojendiorena izan zen etxea ondoren; Espainiaren enbaxadorea zen zenbait herrialdetan eta Velliskako markesa ere bazen. 1959an, moldaketak egiteko agindu zion Ricardo Olaran arkitektoari.

