Santu Guztien egunerako ez da neurri berezirik izango hilerrietan
Hiri Mantentze Lanetako zinegotzi Miguel Angel Diezek adierazi du udal hilerriek ez dutela muga berezirik izango Santu Guztien egunean, azaroaren 1ean: “Baina zentzuz ibiltzeko esaten dugu, lehenago joateko kanposantura eta jende asko ez pilatzeko maite ditugun pertsonen hilobi eta panteoien inguruan”.
Hiriko hiru hilerriak, Polloekoa, Altzakoa eta Igeldokoa, irekita izango dira. Udaltzaingoak egingo du, urtero bezala, zaintza eta kontrol lana auto edo jende pilaketa handirik ez izateko.
“Zentzu komuna” eskatu die Diezek herritarrei: “Santu Guztien eguna baino lehen joatea, adibidez, ez da erabaki txarra aglomerazioak eta, horrekin batera, kutsatzeko arriskurik ez izateko”.
Hilerriak urte osoan egoten dira irekita, ordu hauetan:
-
- Apiriletik urrira. Egunero: 08:00etatik 20:00etara.
- Azarotik martxora. Egunero: 08:00etatik 19:00etara.
Polloeko hilerriko nitxoen gunea 08:00etatik 13:30era irekita egongo da urriaren 25etik urriaren 29ra arte, eta 08:00etatik 18:00etara, urriaren 30ean eta 31n, eta azaroaren 1ean.
Garraio Publikoa
Polloek garraio publikoan joatea gomendatzen du, autobus linea hauetan:
- Polloe: Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. 9, 24, 27, 41 eta 42 autobus lineak
- Altza: Ordutegia: 09:00etatik 20:00etara. 13, 24, 27, 31 eta 38 autobus lineak
- Igeldo: Beti irekita. 16. autobus linea
Kultur ekintzak
“Heriotzari bizitza ematea: heriotzak inporta duelako” II. jaialdia izango da urriaren 28tik (osteguna) azaroaren 1era (astelehena). Hainbat musika-emanaldi egingo ditu Donostiako Musika eta Dantza Eskolak, Polloeren lankidetzarekin. Ekitaldia 12:00etatik 13:00etara izango da, hilerrian zehar (www.dandovidaalamuerte.org).
Azaroaren 2an, asteartea, hildakoen meza ospatuko da Polloeko kaperan, 120 lagunentzako edukiera mugatuarekin.
Hobekuntzak hilerrietan
Aurten, Altzako hilerriko sarbidea hobetu duela gogorazi du udalak. Beste era batera antolatu da espaloiaren eta autoentzako aparkalekuaren arteko tokia.
Datozen hilabeteetan Errautsen lorategiaren proiektuari berriro ekiteko asmoa dago, pandemiaren ondorioz atzeratutako inbertsioa baita. Polloeko hilerrian lehen hobiak ziren lekuan izango da lorategia, senideen errautsak ingurune atsegin eta jasangarrian atseden hartzeko.
Proiektu hori gauzatu arte, 120 kolunbario jarri ditu errautsentzat kanposantuko San Isidro kalean Polloek.