Altzako edukiontzien azken sutea dela eta, edukiontzi batzuk lekuz aldatzea nahi dute zenbait bizilagunek
Hilabete hasieran, hamar edukiontzi erre zituzten Altzako Bertsolari Txirrita kalean –hurrengo egunean 43 urteko donostiar bat atxilotu zuten ustez sua pizteagatik–, eta, kasu batzuetan, suak inguruko eraikinetako fatxadak kaltetu zituen. Hain zuzen, kale horretako bizilagun batzuek salatu dute ez dela halako zerbait gertatzen den lehenengo aldia, eta azkeneko aldian, sua 21. zenbakiko lehenengo solairuraino heldu zela: “Landareak ere kiskali zituzten”, azaldu du bizilagun batek.
Hain zuzen, 21. zenbakiko atariaren aurrean daude edukiontziak, eta, horregatik, kalearen beste aldera lekualdatzeko eskatu dute zenbaki horretako bizilagunek. Izan ere, edukiontziak kalearen beste aldean jarriz gero, fatxadatik urrun geldituko lirateke, eta sute gehiago izanez gero, ez lirateke etxeak kaltetuko –goiko argazkian ikusten den moduan–. Eskaera udalera eraman dute eraikinaren administradorearen eta EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuaren bidez, baina udalak jakinarazi die ez dituztela edukiontziak lekuz aldatuko, leku aproposean daudelako gaur egun.