Arte Ederren eraikina babesteko manifestazio bateratua egingo dute larunbatean
Manifestazio bateratua antolatu dute hainbat eragilek larunbaterako, Arte Ederren eraikinaren defentsan. 12:00etan abiatuko dira Arte Ederren eraikinen paretik eta Bulebarreraino joango dira.
“Hamaika helburu eta ideologia dituzten” dozena bat elkartek bat egin dute deialdiarekin, “eraispenaren aurka egiteko eta hirigintza kudeaketa askoz jasangarriagoa eta pertsonen benetako beharrei arreta jartzen diena eskatzeko”. Hauek dira martxa honi begira elkartzea erabaki duten eragileak: Ancora Elkartea, BizilagunEkin turismoaren kontrako plataforma, Erdian Bizi auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Amara Bai auzo elkartea, Amara Berri Auzo Elkartea, Satorralaia, Ondare, Donostia Defendatuz, Haritzalde, Belartza Gelditu eta Parkea Bizirik.
Eragile hauek guztiak “kezkatuta” daudelako batu dira: “eraispenengatik, hiriaren identitate galeragatik eta harrizko kartoizko dekoratu bihurtzeagatik, biztanleak eremu periferikoetara mugitzeagatik, eta, azken batean, udal kudeaketak azken urteotan hartu duen norabide espekulatiboagatik”.
Irakurketa gogorra egin dute udal gobernuaren kontra, eta gogora ekarri dituzte eraitsi diren eraikin historikoak eta hirian azken urtetan eraikitako hotelak. Hirian “ezinegona” sortzen dutela uste dute: “Hotelak ugaritzearen ondorioz, prezioak igo egin dira higiezinen sektorean, eta, ondorioz, ezinezkoa da etxebizitza eskuratzea”.
Arte Ederren afera honen adierazlea dela uste dute: “Enpresa gutxi batzuen irabazi nahiak asetzean zentratutako kudeaketa, donostiarren interes kolektiboan baino gehiago. Hiri ikono hori hutsaltzea, beste behin ere turismo aprobetxamenduaren mesedetan sakrifikatua, nahi ez dugun hiriaren metafora da”.
Udal gobernuak atzera egin dezakeela uste dute antolatzaileek, “eraikin sinboliko hori ez suntsitzeko tresna juridikoak baititu”. “Zinemarik zaharrena Bilbon egongo balitz –gaineratu dute –, zalantzarik gabe, hura zaharberritzeko baliabide publiko nahikoak erabiliko ziren eta kultura ekipamendu gisa mantenduko ziren”.
Arte Ederren lanetan eraikin historikoaren egitura eta barne banaketa erabat desagertzea ekarriko du, baita fatxaden jatorrizko diseinuan aldaketa garrantzitsuak egitea. Jabetzaren proiektuak, robotizatutako lurpeko hiru garaje solairu, 84 turismo ostatu eta bi altuerako altxaera berri bat gaitzen dituenak, “Espainiako zinematografo zaharrenaren osotasunaren eta benetakotasunaren aurka egiten du, haren ondare balioa baliogabetuz”.
Gogoratu dutenez, Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Kontseiluko lehendakaria Donostiako alkateari zuzendu zaio, adituen desadostasuna azalduz kultura esanahi unibertsala duen higiezinaren “galera tamalgarri eta atzeraezinaren” aurrean, bere tipologiaren barruan bizirik dirauen bakarra delako.