Bidebietako parkea eta Sorleku parkea diseinatzeko bi partaidetza prozesu abiatu ditu udalak
Donostiako Udalak, Herri Partaidetza Zerbitzuaren bitartez, bi partaidetza prozesu abiaraziko ditu azaroan. Lehena, Ekialdeko Barrutiak sustatuta, Bidebieta parkea da. Bigarrena, Sorleku izena jarri zaion parkea, Dbusen garajearen ondoko lursailean egingo dena. Bi parkeak hiriko Ekialdeko Barrutian daude, eta 700.000 euro bideratuko dira haietara.
Auzoetako zinegotzi Maria Jesus Idoetak adierazi duenez, “udaletik eta Ekialdeko Barrutitik herritarren parte hartzearen aldeko apustua egiten” jarraitzen dute, “herritarrak direlako horien guztien azken hartzaileak”.
Herritarrek postontzian jasoko dute bi bileron gaineko informazioa, noiz eta non egingo diren jakin dezaten.
Herri Partaidetza Zerbitzuak Alubi elkartearen laguntza izango du Sorlekurako, eta Paisaje Transversal enpresarena Bidebietako parkerako.
Bi proiektu horiek egiteko aurrekontu partida 700.000 eurokoa izango da: Bidebietarako, Ekialdeko Barrutiaren aurrekontutik datozen 300.000 euro, parte hartze prozesua, proiektua eta obra egiteko, eta Sorlekurako, udalak urte anitzeko 400.000 euroko aurrekontu saila prest du.
Sorleku parkearen prozesua
Sorleku parkea Marrutxipiko Dbusen garajearen azpian dagoen lursailean egingo da, gaur egun ez baitu gozatzeko eta egoteko erabilera publikorik.
Elkarlanerako abiapuntua Alubi elkarteak pandemiaren aurretik egindako lanaren emaitza izango da. Elkarte hori Gazteria atalak gazte ekimena bultzatzeko antolatu zuen MartxUP! deialdian hautatu zen. Bere garaian, prozesua Zurriola ikastolako haurrekin egin zen batez ere, eta ekarpen ugari egin zituzten. Beraz, ekarpen horiek eta horien ondoriozko proposamena izango dira egingo den lanaren oinarria.
Orain, auzotarrentzat irekiko da prozesua, eta haurrak, familiak eta adinekoak gonbidatuko dira parte hartzera. Gainera, inguru horretako etxebizitza orokorretan, zuzkidura-apartamentuetan zein hurbileko egoitzetan bizi diren adinekoen zaintzaileek parte hartzea ere bilatuko da.