Haizearen Orrazia 2022an birgaitzen hasiko dira
Donostiako Udalak aste honetan aurkezturiko 2022ko aurrekontu zirriborroaren arabera, Haizearen Orrazia datorren urtean hasiko dira birgaitzen. Eremuan hiru lan ildo jorratuko direla aurreratu du Eneko Goia alkateak. 400.000 euroko bi diru zati aurreikusi dituzte 2022 eta 2023 urtetarako.
Lehen fasean, monumentuaren alboan dagoen mendi magala egonkortuko dute luizi arriskua saihesteko. Horrela, duela bost urte jarritako horma kendu ahal izango dute. Bigarren fasean, Haizearen Orraziko irisgarritasuna hobetuko dute. Mugikortasun arazoak dituzten elkarte eta norbanakoek eremua lautzeko eskatu izan dute. Dena dela, udalak ez du horrelakorik egingo. Ez dute pasabide bat egingo gurpildun aulkientzat, baizik eta harrien zoladura “zertxobait” leunduko dute. Junturak ere beteko dituzte. Azken fasean, berriz, petrila konponduko dute.