Literaktum jaialdiak memoria jarriko du erdigunean
Argazkia: Donostia Kultura Azaroaren 8tik 21era bitartean egingo da aurtengo Literaktum letren jaialdia. Bidea abiatu zuenetik, literatura eta gizartearen arteko konexioak arakatzea izan da bere helburuetako bat, eta hala egingo du oraingoan ere. Hala, memoria izango da aurtengo gaia: literatura eta memoria.
Idazleek memoria zein modutan erabiltzen duten, zenbateko pisua duen beren sorkuntza prozesuan, edo zenbateraino aldentzen diren bizi eta sentitu izandakoaz istorio berriak sortzeko, horiek izango dira solasaldirako abiapuntu batzuk.
Diziplina ugari izango dira gaur aurkeztu duten egitarau zabalean: hitzaldiak, solasaldiak, eztabaidak, ikastaroak, erakusketak, antzerkia… Bestalde, kolaborazio-sare zabala izango du jaialdiak eta nazioarteko literaturaren izen esanguratsuak bilduko ditu. Esaterako, hainbatetan Nobel Sarirako hautagaia izan den David Grossman israeldarra, 2016ko Goncourt sariaren irabazlea, Leila Slimani frantziar-marokoarra, edota Marta Barone eta Paolo Giordano italiar idazle gazteak eta Isabela Figueiredo portugaldarra izango dira bertan.
Euskal literaturak ere presentzia nabarmena izango du. Ateratzear dauden sorkuntzez hitz egingo dute Eider Rodriguez eta Kirmen Uriberekin eta duela 100 urte sortu zen Martin Ugalde, XX. mendearen bigarren erdialdeko euskal kulturaren arloko figura garrantzitsuenetakoa gogoratuko dute Anjel Lertxundiren ahotan. Horrez gain, Aurelia Arkotxak eta Jean Dèsy-k, idazle quebectarrak, akulturazioa, kolonialismoa eta kultur aniztasunaren inguruko solasaldia eskainiko dute Etxepare Institutuaren eskutik.
Literaktum Txikia ere aurtengo programazioaren parte izango da. Harry Potterren inguruko ilustrazio lehiaketa, antzerkiak, ipuin kontalariak, tailerrak eta gehiago antolatu baitute.
Programazio osoa eskuragarri dago Literaktumeko webgunean.

