Amara Berri eraldatzeko, herri antzerkia

Argentinako antzerki komunitarioa inspirazio gisa hartu, eta hainbat lagunen artean sortu zuten iaz Amara Berriko Antzerki Herrikoia taldea. 40 lagun batu ziren ikasturte osoan zehar, eta hamazazpik estreinatu, denen artean idatzitako obra. Antzokirik gabe, eszenatokirik gabe, kalea hartzea da beraien helburua.
Horrela ezagutu zuten elkar Alazne Corralek, Xabier Arangurenek eta Sara Barandarianek. Corral da sustatzaileetako bat, eta Aranguren kalean kartel bat topatu zuelako animatu zen. Barandiaranen istorioa bereziagoa da. Harrera Sareko boluntarioa da bera, eta gazte migratzaile bati lagundu zion antzerki taldeko saio batera. Laguntzearekin nahikoa ez, eta taldera batu zen bera ere.
Eta, hain zuzen, hori da gakoetako bat: taldearen aniztasuna. 19 urte ditu gazteenak eta 70 zaharrenak, “hori ez da oso ohikoa antzerki konpainietan”. Adina ez ezik, jatorrian eta hizkuntzan ere nabari da “bilatutako” aniztasuna. Arabiarrez, euskaraz eta gazteleraz dira entseguak, eta elkar ulertzeko “xuxurlariek” parte hartzen dute. “Modu oso naturalean kudeatzen da hizkuntza” Barandiaranen ustez, beharren arabera moldatuz.
Taldearen aniztasuna da antzerki komunitarioen oinarrietako bat, zatiketa sozialarekin hausteko. Bestea, auzoa: Amara Berri. “Komunitateari ekarpen positiboa” egin nahi diote, bertako historia eta istorioak kontatuz eta gorpuztuz.
Dramaturgia kolektiboa
Denen artean sortzen da antzerki obraren gidoia, entseguko ariketekin eta inprobisazioarekin. Barandiaranek aitortzen du “oso konplikatua” dela, “antzerkian gidoi itxietara ohituak” daudelako.
Iaz, adibidez, auzoko ideia sinple batetik abiatu zen espazio publikoaren erabilera, eta pertsonaiek euren arteko elkarrekintzatik sortu zuten gidoia. Horretarako, konfiantza ezinbestekoa da, eta landu egiten da konplizitate ariketekin. Arangurenek argi dio: “Horri esker, ez naiz epaitua sentitzen eta ni neu izatea erraza egiten zait”.
Ariketa ezberdinen artean, Corralek pertsonaiak nola sortu ziren azaldu digu: “Gorputzetik abiatu ginen. Bizkarrezurra mugitzen hasi ginen eta bat-batean gelditzeko eskatu”. Hartu zuten postura horretatik abiatuta eraiki behar zuten pertsonaia, eta rola.
Barandiaranek, adibidez, Amara Berriko emakume heldu baten rola asmatu zuen. Auzoaren garapena ezagutu duen emakumearena: “Bitxia da, zeren inkontzienteki hasi nintzen pertsonaia egiten, eta obra estreinatu ostean jabetu nintzen nor nintzen ni”.
“Auzoa eraldatzeko”
Antzerki komunitarioaren asmoa auzoan eragitea da, auzoa eraldatzea. Amara Berri komunitate gisa hartuta, bertako historia kontatu nahi dute, eta auzotarrei itzuli gogoeta moduan. Amara Berriko historian eta identitatean ekarpena egin, “galdu daitezkeen istorioak berreskuratuz, eta gizarteratuz”.
Ekainean aurkeztutako obran, Anoetak auzoari kentzen dion espazioaz aritu ziren, eta 100 bat bizilagunekin elkarrekintza izan zuten gaiaren inguruan.
Corralek argi du: “Antzerkia egitea bera, jada eraldatzailea da. Antzerkia ez delako tresna bat, prozesua baizik”.
Horregatik ematen diote garrantzia auzoan errotuta egoteari, auzotik egiteari, eta, batez ere, auzoan egiteari.
“Oso benetakoa da” Barandiaranen ustez, “emozio asko daudelako jokoan”, beste prozesu batzuekin alderatuta. Eta, horregatik du gaitasun eraldatzaile handiagoa: “Indibidualismoarekin apurtzen duelako, indar kolektiboaren beharra duelako”.
Auzoko eragileekin hartu-emanak sakondu nahi dituzte, eta aurtengo erronken artean eragile aktiboago bat izatea bilatuko dute. Zeren “aktibista” jada bada, Barandiaranentzat.
Erronka ez da makala. Eredu dituzten herri antzerki taldeak 80 eta 100 lagun artekoak baitira. “Orduan bai, eragiteko gaitasuna asko handitzen da”, Corralen ustez.
Irekia da taldea, eta norberaren inplikazioaren araberakoa denez, probatzera, edo jolastera gerturatzeko gonbita egiten dute. Asteartero 18:00etan, Amara Berriko Craj! gunean: bai, Reale Arena futbol zelai erraldoiaren ondoan.