Añorga Txikiko hirigintza proiektuaren partaidetza prozesua egingo du udalak
Gaur eguerdian protesta egin dute Añorgako hainbat bizilagunek udaletxe aurrean eta udal batzar aretoan. Añorgako Geltokia hirigintza proiektua gelditzeko eta auzotarrekin adosteko eskatu diote udal gobernuari. Elkarrekin Donostiak eta EH Bilduk mozio bateratua aurkeztu dute udalbatzarrean. Hirigintza proiektuan aurreikusitako partaidetza prozesua bermatzea eta auzoko eragileei informatzea eskatu diote udal gobernuari, besteak beste. Bi eskaera horiek betetzeko konpromisoa hartu dute EAJk eta PSE-EEk.
“Behin betiko onarpena eman baino lehen partaidetza prozesua egingo da”, azaldu du Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak. Hirugarren eskaera bat ere egin dute oposizioko udal taldeek: Añorga Txikiko hirigintza proiektuaren inguruko hizkuntza ebaluazio bat egitea. Hain zuzen, auzoko euskara elkarteek ohartarazi dute euskararen erabileran oztopoak sor ditzakeela. Eskaera honi ezezkoa eman diote EAJk, PSE-EEk eta PPk. Mikel Lezama zinegotzi popularrak debatearen tonua igo du esaterakoan hizkuntza ebaluazio bat egitea “nazismoa” dela.
Auzo elkartea, pozik
Añorga Txikitarrak auzo elkartea “oso pozik” dago gaur udalbatzarrean lorturikoarekin, nahiz eta udal gobernuak “euskararen ebaluazioa” egitea baztertu duen: “Batez ere oso harro gaude auzoan egin den lanarekin eta auzotarren inplikazioarekin. Baina gertutik jarraituko diogu gaiari auzotarron partehartzea bermatu dadin”.
Dena dela, azken bi astetan egindako giza kateekin jarraituko du auzo elkarteak, eta horren inguruko erreportajea irakurri ahal izango da IRUTXULOKO HITZAren biharko astekarian.