Bidebietan kultur etxe bat jartzeko azterketa bat egiten ari dela berretsi du udal gobernuak
Urriko osoko bilkuran Bidebietan kultur etxe bat jartzeko azterketari buruz aritu dira. EH Bilduk udal gobernuari eskatu dio partaidetza prozesu bat abiatzeko auzotarrekin, kultur etxearen kokapena eta eman beharko lukeen zerbitzuaren inguruko iritzia jasotzeko. Horrekin batera, 2022ko aurrekontu proiektuan kultur etxearentzat diru sail bat aurreikusteko eskatu dute. “Udalak zor historiko bat du Bidebietarekin; ez dute kultur etxerik”, nabarmendu du EH Bilduko zinegotzi Zigor Etxeburuak.
EAJk eta PSE-EEk mozioaren kontra bozkatu dute, Elkarrekin Donostiak babestu du eta PPk bi eskaeretako baten alde egin du. Udal gobernuko bi udal taldeek berretsi dute Donostia Kultura kultur etxearen inguruko ikerketa bat egiten ari dela, eta horregatik agertu direla mozioaren aurka. Azterketaren txostena urtea bukatu baino lehen jasoko dutela esan dute Jon Insausti Kultura zinegotziak eta Ane Oiarbide zinegotzi sozialistak.
Horrez gain, Insaustik Donostia Kulturaren 2022ko aurrekontuak aipatu ditu Bidebietan kultur etxe bat jartzeko aukera zalantzan jartzeko. “Ezagutzen dituzue diru sarrerak eta gastuak. 2022an nondik kendu beharko genuke dirua Bidebietan kultur etxe bat jartzeko?”. Etxeburuak galdera horri erantzun dio: “Errentagarritasun ekonomikoa sozialaren gainetik jartzen ari zarete. Hori neoliberalismoa da. ‘Hondalea’ egiteko ez zenuten erreparorik izan 1,5 milioi euroko diru sail bat jartzeko. Azkenean, bost milioi euro kostatu da”.