Ez dago gizarterik, familiak besterik ez
Txomin Lasa Manterola, ZINEMA KRITIKARIA
Pelikula: ‘El buen patrón’
Zuzendaria: Fernando Leon de Aranoa.
Urtea: 2021
Herrialdea: Espainia.
“Gure gizarteak dituen arazoak aipatzen dira beti. Baina ez dago gizarterik, banakako gizonak, emakumeak eta haien familiak besterik ez daude”. Horrela adierazi zuen Margaret Thatcherrek Women´s Own aldizkarian 1987. urtean, Berlingo harresia erori baino lehentxeago, jada Reaganekin batera abiarazitako mundu erregimen neoliberal berria ondo ezarrita zegoela. Thatcherren azpi-logika, ume txikiena bezalaxe, zentzuzkoa iruditu dakioke hasiera batean edonori: izan ere, “gizartearen” kontzeptuarekin akabatuz gero, “arazo sozialei” buruz hitz egiteak zentzu logikoa galdu du. Hala ere, gizabanakoen eta familien arazoak, zer? Ez al zuten Thatcherren ametsezko minigizarte horiek akatsik erakusten? Bada, galdera horiei erantzuten die, komediaren generoan guztiz sartuta eta egungo egoera zehaztasun handiz islatuz, Fernando Leon de Aranoak bere azken filmean.
Argi azaltzen digu El buen patron-ek, zer puntutan batzen diren gaur egun arte mantendu diren Thatcherismoaren familia balio kontserbadoreak eta haren ekonomia politika ultraliberala. Izan ere, badirudi enpresaburuak bihurtu direla botere politikoa, eta justizia beren eskuetan duten patriarka berriak (ia-ia, mafia familien eskuetan dauden komunitateekin gertatzen den antzera). Aranoaren filmean, karismaz betetako Javier Bardemek gorpuzten du ezin hobeto Basculas Blanco enpresaren ugazaba lotsagabea; eta hark, eskuratzeko lehian dabiltzan Bikaintasunaren Sariari atzaparra ezartzeko, agertuko zaizkion langile-arazo guztiak batere eskrupulu gabe kenduko ditu paretik. Hala, mafia pelikulek izaten duten ohiko estruktura eraman du Aranoak enpresa mundura, umore handiz, eta oso ondo asmatzen du egungo enpresa ideologia «adiskidetsua» kritikatzean. Bazen, bai, La Sextako El Jefe Infiltrado-ren tankerako telezaborran saltzen den iruditegia aldatzeko garaia —ezin hobeto islatzen du azken filmak Aranoaren itua: era panoptikoan langileekiko kontrolaren areagotzea, sistema berri horrek dakarren langileen infantilismoa, lan gatazkak era antolatuan tratatzeko ezintasuna…—.
Hala ere, eta filmaren formatu ironikoaren parte izan daitekeen arren, El Jefe Infiltrado-ren moduko sailetan gertatzen den moduan, Aranoaren kontakizunean ere, enpresa munduko arazoak gatazka pertsonaletara murrizten dira. Hots, generoaren sentsazionalismoak eta filmak aurkezten dituen pertsonaien izaera manikeoek, badute analisi estruktural handiago baten begirada irensteko arriskua. Nola ez, erakargarria da oso, gaira Bardemek antzeztutako bilau karismatikoaren ikuspuntutik hurbiltzea —esango nuke, horixe bera gertatzen dela mafiaren pelikula askotan: familia gatazken erromantizismoak azpi arrazoi politiko eta ekonomikoak estali ohi dituela, hain zuzen ere-. Hala eta guztiz ere, Aranoak kritika zorrotza egiten dio egungo enpresa filosofiari; niri, behintzat, barre algarak eraginda.

