Peña Ganchegui Artxiboak erakusketa deigarria jarri du Parte Zaharrean
Peña Ganchegui Artxiboak ‘2021eko Peña Ganchegui Saria’ erakusketa aurkeztu du gaur Mugak/ Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren barruan. Arkitektura instalazio bertikal deigarri bat kokatu dute.
Erakusketa Santa Maria Basilikaren kanpoaldean dago, eta Euskal Arkitektura Gaztearen Sariaren hirugarren edizio honetako epaimahaiak aukeratutako taldeen lana biltzen du. Peña Ganchegui Artxiboak antolatu du erakusketa, eta 2019ko edizioan saritutako Ane Arce eta Iñigo Berasategui BEAR estudioko kideek diseinatu dute. Erakusketak Abuztuaren 31 eta Andereño E. Zipitria kaleen arteko espazio publikoan dauden bi mailak lotzen dituen egitura bertikala du.
Instalazioak “bi mailak lotzen ditu, eta goi mailan metro batzuk gora altxatzen da. Ispilu mekanismo baten bidez, muntaiak beheko mailara hurbiltzera ahalbidetzen du, leihotik kuxkuxetzen ibiltzeko, hormaz haratago horizontea bilatzeko, azken finean, saritutako arkitekto gazteen lana ikusiz gozatzeko”, Rocío Peña Artxiboko zuzendariak azaldu duenez.
Aurtengo epaimahaiak, gainera, hiru aipamen berezi eman zizkien Jonander Agirrek, Alex Etxeberriak (Eloi Landia) eta Guillermo Avanzinik aurkeztutako hautagaitzei. Erakusketa azaroaren 30era arte egongo da ikusgai.
‘Baldintzek sortutako abaguneak’
Arratsaldean, 18: 00etan, Iñigo Ocamica eta Iñigo Tudanca Euskadiko Arkitektura Institutuan egongo dira, ‘Baldintzek sortutako abaguneak’ hitzaldia eskaintzeko. Bertan, lanbideko lehen urteetan izandako esperientziei buruzko gogoeta egingo dute, eta denboran kateatutako hainbat obra bilduko dituzte, testuinguruak proiektu-aukera gisa topatutako mugak ulertzea ardatz hartuta.
Bihar, ostirala 29, Mugak/-en beste erakusketa bat aurkeztuko da Alde Zaharrean. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak mahai ingurua antolatu du bere ‘Arantzazu, 70 urte’ erakusketaren inguruan. 18:00etan izango da Euskadiko Arkitektura Institutuan. Erakusketak Arantzazuko Andre Mariaren Basilikaren eraikuntzan bi arkitektoek izan zuten papera aldarrikatzen du, eta Donostiako Museoan egongo da ikusgai, hilaren 30etik aurrera.
Mugak/2021en jarduera guztiak doakoak dira. Programazioaren informazio, data eta ordutegi osoa hemen kontsulta daiteke: www.bienalmugak.eus.