"Webgune jasangarriak egingo bagenitu, 20 urte iraungo lukete gailuek"
Euskarabildua jardunaldien hamaikagarren edizioa antolatu dute gaur 'Zenbat kutsatzen du like batek?' lelopean.
Euskarabildua jardunaldien hamaikagarren edizioa antolatu dute gaur Iametzak, ARGIAk eta Ametzagaiña taldeak, San Telmo Museoan. ‘Zenbat kutsatzen du like batek?’ lelopean, internetek eta teknologia berriek duten jasangarritasunaz hitz egin dute.
Sandra Perezek (Altza, 1996) argi utzi digu, “gaur egungo ereduarekin, kontsumo mailarekin, ezinezkoa da jasangarriak izatea”. Izan ere, kontziente ez garen arren, egunero datu mordoa sortzen ditugu, whatsapp, email eta web bisitekin. Ordenagailu eta zerbitzariek geroz eta energia gehiago kontsumitu behar dute, eta honek lotura zuzena du krisi klimatikoarekin antolatzaileen arabera. Beharrezkoa da, gaiaz kontziente egitea.
SpiderAlex haktibista feministak hartu du hitza lehenik, Silicon Valleyk krisi klimatikoaz salbatuko ez gaituela argi utziz. Energia berriztagarrien eztabaidari kontuz heltzeko eskatu du, “errebote efektua” ekar dezaketelako: “Teknologia jasangarriak instalatzerakoan beti pentsatu behar da zer ondorio izango dituen. Zer gertatuko da eguzki plakekin behar ez ditugunean?”. Hitzaldian teknologia iraunkorrak giza eta naturaren indarrarekin funtzionatzen dutenak direla azpimarratu du, baina nahiago duela”teknologia egokiez” hitz egitea, “teknologia egokiak kontzeptua erabiltzea, inguruko baliabideak aprobetxatzen dituzten teknologiez”.
Guatemalatik etorritako Momentánea proiektuko March-ek euren komunitatean zerbitzari feminista bat eraikitzeko prozesua kontatu du. Energia multinazional batekin izandako gatazken harira, komunitateak energia itzalaldi bat egin zuen. Prozesu horretan erabaki zuten euren zerbitzari propioak sortzea. Zergatik den feminista zerbitzaria? Komunitateak kudeatzen duelako, eta bertan dauden erabiltzaileek balio jakin batzuen araberako edukiak argitaratzen dituztelako bertan.
Webgune jasangarriak eta Solarpunk
Low-tech magazine-ko Kris De Deckerrek euren aldizkariaren esperientzia kontatu du. Euren aldizkari eta webguneak asko kontsumitzen zutela konturatzerakoan, lau urteko prozesu bat abiatu zuten, eta egun webgune sinpleago bat dute, eguzki energiarekin dabilen zerbitzari batzuetara lotuta. Horrek, webgunea martxan ez egotea dakar noizbehinka –Bartzelonan lainotuta dagonetan, adibidez– baina Deckerri ez zaio axola. “Lehen arduratu egiten nintzen, momenturen batean webgunea erortzen bazen. Orain, pentsamoldea aldatu dut eta uste dut web orriek ez dutela zertan 24 orduz funtzionatzen egon behar”.
Bere ustez, egun erabiltzen ditugun datu kopuru izugarriek eragina dute ere, gure ordenagailuen biziraupenetan: “Webgune jasangarriak egingo bagenitu, 20 urte iraungo lukete ordenagailuek, hiru edo lau urte beharrean”.
Atsedenaren ostean Talaios kooperatibako Beñat Irasuegik egin du ‘Euskal Herria Solarpunk’ estrategiaren aurkezpena: “Netflixek distopiak aurkezten dituen bitartean, guk utopiak garatu behar ditugu”. Solarpunk filosofian oinarrituz, etorkizun utopiko desiragarriak aurkeztu ditu Euskal Herrirako: kudeaketa komunitarioko herrietako data zentroak, sare libreak lantzea, ekoizpen sare burujabeak ekoiztea, elikadura, zaintza eta banaketa kate osasuntsuak sortzea, adibidez.
Aurkeztutako proiektu guztien artean, “Euskal Herrian jada bakoitzetik gutxienez bat eginda” dagoela adierazi du, eta beraz, “egingarria” da bestelako etorkizunak eraikitzea.