Anoetari izena eman zion baserria

Anoetako zona Realaren estadioarengatik da bereziki ezaguna gaur egun. Izena, ordea, ez datorkio estadiotik, garai bateko Anoeta baserritik baizik. Hedabide honek eremuari buruzko erreportaje bat argitaratu zuen irailean, baina informazioa ez zen guztiz zuzena.

anoeta Anoeta baserriaren margolana, 1860 urte ingurukoa. Maria Jesus Dendategiren jabetzakoa da.

Anoetan angulak harrapatzen zituzten zen atal honetan bertan irailaren 10ean argitaratutako erreportajearen izenburua, eta hala da: XX. mendearen erdialdera arte Anoetako ingurua padura bat zen, eta angulak ere harrapatzen omen zituzten han. Ordea, Anoeta baserria zeneko familiaren ondorengo batek hedabide honi jakinarazi dionez eta IRUTXULOKO HITZAk Josu Tellabide etnologoarekin baieztatu duenez, erreportajean Anoeta baserriari buruz aipatutako gauza batzuk ez dira zuzenak.

Izan ere, erreportajean aipatzen da urak eta mendiak Anoeta baserria gaur egun belodromoa dagoen tokian zegoen, suntsitu zutela, eta hango familiak Uralde baserria eraiki zuela 1922an. Aldiz, Uralde baserrikoek eta Anoetakoek ez zeukaten harreman zuzenik, Uraldekoek Dendategi abizena baitzeukaten eta Anoetakoek Martiarena. Era berean, Uraldekoak izan ziren Xanti taberna eta jatetxe ezaguna ireki zutenak; hasieran baserrian bertan, eta, ondoren, 1990eko hamarkadan Kirol Hiria berritu zutenean, gaur egun dagoen tokian.

Hain zuzen, Anoeta baserria 1936. urtera arte egon zen zutik, gutxi gorabehera. Tellabideren arabera, baserriaren inguruan erreka estutu egiten zen, eta goiko mendi koskatik bidea pasatzen zen. Mendiaren zati bat erori egin zen garai hartan, eta baserria egoera txarrean gelditu zen. Horregatik, saldu egin zuten, eta alde egin zuten. Anoetako Martiarenatarren oinordekoak eta Tellabidek azaldu dutenez, Oriamendi inguruko Illarreta baserrira joan ziren.

Horrela ere, Anoeta baserriaren eragina gaur egunera arte heldu da, eta iraileko erreportajean aipatzen den moduan, estadioak gaur egun izen arrotz bat badu ere, donostiar gehienek Anoeta deitzen diote oraindik.

HITZAkide HITZAkide