80 artistaren baino gehiagoren lanak egongo dira ikusgai San Telmo Museoan
Iazko Artista Liburuari buruzko topaketetako lan bat, San Telmo Museoan. (Argazkia: Donostia Kultura) San Telmo Museoan Artista Liburuari Buruzko VI. Topaketak antolatu dituzte asteburu honetarako, eta 80 artistaren baino gehiagoren lanak ikusi ahal izango dira museoan. Hain zuzen, erakusketa gaurtik, hilaren 29tik, igandera arte egongo da ikusgai, ordutegi honetan: gaur 17:00etatik 20:00etara, larunbatean 10:00etatik 20:00etara eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Ikusgai jarri dituzten lan gehienek Donostiako Artista Liburuen III. Sarian hartu dute parte.
Bestalde, aipatu sariaren sari banaketa egingo dute gaur 18:30ean, eta La rebelión del libro de artista: idea + audacia hitzaldia eskainiko du Luis Barriosek 19:00etan. Larunbatean, aldiz, Letra eta irudiekin jolasean familientzako ikastaroa eskainiko du Eluska Kortajarenaren eskutik, 17:00etatik 19:00etara. Era berean, 18:00etan, Marijose Rekaldek Lo que cuentan mis libros hitzaldia eskainiko du. Azkenik, igandean, Carlos Rosat eta Mario Telenti Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek errezitaldi poetiko musikala egingo dute, 12:00etan. Jarduera guztiak San Telmo Museoan izango dira, doan eta sarrera librearekin, edukiera bete arte.

