“EHUk ez dauka erasoekin amaitzeko konpromiso errealik”
Unibertsitateko Indar Batasuneko eta Arrakala taldeko kideak dira. Etxegia EHUko psikologiako ikaslea eta Larrion filosofiagoa. Beraiek abiatutako kanpainari esker, jakin da arkitektura fakultateko irakasle batek erasoa egin zuela duela aste batzuk. EHUk izandako jarrera salatu dute, eta datozen asteetarako ekimen eta dinamikekin jarraituko dutela iragarri dute.
Nolakoa izan zen erasoa?
Saioa Etxegia (S.E.): Duela hiru aste inguru, arkitekturako irakasle batek zakila bortizki atera zuen, klaseko momentu batean. Momentuan bertan, eraso kontsideratu zen, eta Ertzaintzari deitu zioten. Baina gero, ezer gertatu ez balitz bezala jokatu zuten.
Zein izan zen erreakzioa?
S.E.: Momentuan izan genuen erasoaren berri, polizia campusetik ikustean. Jendeari galdezka hasi ginen, eta lehen erreakzioa izan zen jende guztia isiltzea, ‘hemen ez da ezer pasa’. Datorren egunerako hau dena ahaztuta egongo da, eta hain zuzen, ez zen ezer zabaldu biharamunean. Badirudi, erasoa jasan zutenak eta ikusi zutenak, behartuak sentitu zirela isilik egotera.
Garazi Larrion (G.L): EHUk erasoen kontrako protokolo bat duen arren, ez zuen beharrik ikusi hori aktibatzeko. Orduan, zuzenean erasoa isildu zen.
S.E.: Gure ustez, argi geratzen da EHUk berdintasun kanpainak zuriketarako erabiltzen dituela, ez duelako inongo intentziorik horrelako erasoak gertatzen direnean errotik mozteko.
Gertaturikoa salatzeko bideo bat argitaratu zenuten.
G.L.: Bideoa atera genuenean izan zen lehen aldia gaiaz publikoki hitz egin zela. EHUk bere burua behartua ikusi zuen zerbait egitera, eta astelehenean –mobilizazioaren egunean– hartu zuen erabakia.
S.E.: Arrakala taldeak eta UIBk salaketa hau egin izan ez balute, EHUk ezer gertatu izan ez balitz bezala jarraituko luke.
Zergatik isildu da erasotzailearen identitatea?
S.E.: Gure helburua ez da irakasle hori markatzea eta eraso konkretu honi buruz hitz egitea. Salatu nahi duguna da EHUk zein erantzukizun gutxi hartzen duen horrelako kasuetan.
G.L.: Guk ez dugu fokua hor bakarrik jarri nahi. Honek adierazten du oso argi, argiegi agian, baldintzak daudela unibertsitatean erasoak gertatzeko eta unibertsitateak ere baldintzak jartzen dituela horretarako. Hau kasu bat da, baina askoz gehiago egon daitezke.
EHUk de facto onartu du erasoa, aukera telematikoa eskainiz irakasleari.
G.L.:Guk albisteen bitartez jakin dugu hau. Politika guzti hauek martxan jarri dituzten arren (erasoak ekiditeko protokoloak eta abar), errealki kapazitate nulua dutela argi geratzen da. Hartu duten neurri bakarra da hori, eta ez dakigu nola justifikatzen duten. Muga argi baten erakusle da.
Ikasleek zer diote?
G.L.: Orain argitara ateratzen ari da irakasle honek lehenago egin dituela bestelako erasoak. Duela urte nahikotxotik dator gai hau, eta ez dela inoiz ezer egin. Orain ari dira azaleratzen bestelako erasoak.
Zer egin beharko luke EHUk?
G.L.: Gu ez gara EHU, eta ez diogu eskatuko ‘x’ politika martxan jartzeko. Ez dugu uste, berdintasun politikan aldaketa konkretu batek, aldaketa errealik ekarriko duenik. Antolakuntzaren bitartez baldintzak jarri nahi ditugu eraso gehiago eman ez daitezen
S.E.: EHUk ez dauka konpromiso erreal bat honekin amaitzeko. Arazoa egiturazkoa delako. Gu antolakuntzaren hautuan berresten gara, unibertsitateko langile klasearen baldintza materialak hobetzera bidean. Kanpaina honekin jarraituko dugu, beste kanpainekin jarraituko dugun bezala.