Udal gobernua "osasuntsu" dagoela nabarmendu du Eneko Goiak
Eneko Goia alkatea, Politika Orokorreko ezohiko udalbatzarrean. (Argazkia: Donostiako Udala) Politika Orokorreko ezohiko udalbatzarrean hitz egin du Eneko Goia alkateak, eta legegintzaldiaren lehen erdiaren balorazioa egin du. Osasun krisiak 2020an eta aurten izan dituen eraginen inguruko hausnarketa plazaratu du. Horrekin batera, legegintzaldiaren bigarren erdian udal gobernuak egingo dituen gauzen berri eman du. “Zailtasunak zailtasun, uste dut udalak erantzun egokia eman diela uneko egoerei”, adierazi du Goiak. Udal gobernua “osasuntsu” dagoela gaineratu du.
Udalak osasun krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak nabarmendu ditu. Hala nola, ekonomia suspertzeko harturikoak eta eraginak gehien jasan dituzten sektoreei bideratutako laguntza zuzenak. Horiek horrela, udal gobernuak sustatu dituen ekonomia suspertzeko bi planak aipatu ditu: bi urteetan 23 milioi euroko aurrekontua izan dituzten bi planak –12 milioi 2020an eta 11 milioi 2021ean–. Eta plan horien barruan laguntza zuzenak zein zerga arauetan emandako hobariak daude –4 milioi euro–, baita terrazen ordenantza malgutzeko neurria edo tokiko kontsumoa sustatzeko plataforma digitalaren sustapena ere. Horrez gain, Goiak adierazi du udalak eta udal erakunde zein sozietateek 26 milioi euro bideratu dituztela azken bi urtetan osasun krisiari aurre egiteko. “Udalak ezohiko egoera bati ezohiko erantzunak eman dizkio”, esan du Goiak.
Aurrera begira, alkateak esan du udalak indarrak jarriko dituela etxebizitza berriak sortzeko, hiria hobetzeko proiektuak garatzeko eta hiriko mugikortasunaren paradigma berria zehazteko. Hurrengo bi urteetan 1.700 etxebizitza berri eraikitzen hastea aurreikusten du, promozio eta garapen urbanistiko berriak sustatu.
Era berean, alkateak udal taldeei proposatu die hiriko leku bat aukeratzeko osasun krisiak eragindako hildakoen memoria oroitzeko.

