Egiako etxerik gabeko pertsonentzako zentroa 2023ko udaberrian irekiko dute
Donostiako Udalak Murias enpresari adjudikatu dio Egiako Villa Salia eraikina egokitzeko proiektua. Hain zuzen ere, eraikin horretan etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentro bat jarriko dute. Proiektuak 1.855.670 euroko aurrekontua du, eta hemezortzi hilabeteko egikaritze epea. Udalak aurreikusten du 2023ko udaberrirako zentroa irekitzea.
Eguneko zentroak ondorengo guneak egokituko dituzte: pabiloia, garajea, erdisotoko solairua eta Villa Saliako beheko solairuaren zati bat. Beheko solairuaren beste aldea eta lehenengo solairu osoa barne hartzen dituzten gainerako espazioak familien programarako erabiliko dira.
Eguneko zentroaren asistentzia erabilerak etxerik gabeko erabiltzaileentzako espazioak eskatzen ditu, hala nola: harrera gunea, egongela gunea, jantoki soziala, erizaintzako eta podologiako kontsultak, bulego profesionalak, aldagelak eta komunak, armairuak, langileentzako guneak eta gune osagarriak, hala nola bilera gela, egongela, aldagelak eta komunak, harrera kabina, hainbat biltegi, sukaldea, garbiketa gela eta instalazio gela.
Familien Programak beheko solairuko sarbidea, biltegi bat eta harrera haurtzaindegi bat ditu. Goiko solairuan (lehena), erdigune bat proiektatu da, eraikinaren luzetarako ardatza zeharkatzen duen korridoretik sar daitekeena. Bertan, komunak, office txiki bat eta biltegi bat daude. Erdiko korridorearen bi aldeetan hainbat gela eta tailer daude mendebalderantz, eta bulegoak ekialderantz.