Egurrezko kupulak eraiki dituzte asteburuan San Telmo Museoan eta Altxerri arte galerian
Juan Aizpitarte, Mario Turégano, José Ángel Medina San Telmo Museoko egurrezko kupularekin. (Argazkia: Mugak/Bienala) ‘Arkitektura hedatuak’ proiektuak herritarrentzako bi tailer egin ditu asteburuan Donostian, zurezko kupulak egiten ikasteko. Adin eta nazionalitate desberdinetako hogei parte hartzailek bi kupula eraiki dituzte, bat San Telmo Museoan, eta bestea, Altxerri arte galerian.
Urriaren 30ean eta 31an San Telmo Museoko klaustroan egin zen lana. Bertan, parte hartzaileek domoei buruzko oinarri teorikoak eskuratu zituzten, eta ondoren, zazpi metroko diametro eta hiru eta erdiko altuera duen egurrezko kupula bat eraiki zuten. Azaroak 1ean, Altxerri Galerian izan zen tailerra, eta hiru metroko diametroa eta 1,70eko altuera duen bigarren kupula bat eraiki zuten. Bi egiturak azaroaren 20ra arte izango da ikusgai.
Espacio Reflex-ek eta MIDOMOk elkarlanean antolatutako jardunaldiak izan dira, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienalaren baitan. “Domoak elkarrekin bizitzeko beste modu bati buruz gogoeta egitera bultzatzen gaituzten espazioak dira, testuinguruarekin erlazionatzen gaituztenak. Kupulak babestu egiten gaitu, eta, aldi berean, mundua zeruko ganga gisa aurkezten digu. Esfera batean bizi garela gogorarazten ditu, hau da, Lurrean”, azaldu du Juan Azpitartek, Espacio Reflex-eko zuzendariak. MIDOMOko Mario Tureganok dinamizatu ditu tailerrak.
Proiektuaren abiapuntua hiria deszentralizatzea da, periferiara ihes egitea eta tokiko autonomia berraurkitzea. Proiektuak baserriaren dimentsio arkitektonikoaren eta mugakide diren hiri- eta natura-eremuetako bizimoduaren arteko erlaizio berriari buruz dihardu, yurtak, tippiak edo domoak ugaritzen ari diren eremuei buruz, pandemia osteko behar berriei erantzungo dieten erabilera berriak emateko antzinako egiturei buruz. “Fenomeno hau erakutsi nahi genuen, birkonektatzea, eta kontzientzia hartzea ahalbidetzen duena, lehen mailako beharrak kudeatzen ikasteko”, azaldu du Aizpitartek.
Tailerrez gain, bestelako ekitaldiak ere egitarauaren parte izan dira. Larunbatean, zinemak eta telebistak hiriaren ideia nola moldatu duten azaltzen duen hitzaldia egin zuten Arkitektura Institutuan, Andres Hispano ikus-entzunezko ekoizle eta irakaslearen eskutik. Bestalde, Drop city filma proiektatu zen, inoiz domoetan bizi izan den komunitaterik garrantzitsuenari buruzkoa.
Aste honetan, Arkitektura Bienalak aurrera jarraituko du. Gaur arratsaldean, jarduerak Tabakaleran izango dira, ‘Condfuencias x MAYRIT; praktika mugikorrak’ topaketak izango baitira. Ainhoa Garmendiak, Igor Bragadok eta Moduz kolektiboak hitzaldiak eskainiko dituzte. Euskal Arkitektura Institutuan ere hitzaldiak izango dira aste honetan zehar, eta gonbidatuen artean Oscar Tusquets eta Rudy Ricciotti izango dira. Programazio osoa bienalaren webgunean dago ikusgai. Jarduera guztiak doakoak dira.

