Kutxa Fundazioak espekulazio operazioa egingo duela salatu du EH Bilduk
EH Bilduk ohar bidez adierazi duenez, Kutxa Fundazioaren plan estrategikoan ez zaio ” inolako salmenta prozesuri aipamenik” egin. “Obra soziala” helburu behar luke fundazioak, koalizioaren arabera, “gipuzkoarron diruarekin eraikitakoa” delako.
Kutxa Fundazioaren Patronatuan parte hartzen du EH Bilduk, “lurraldeko atxikimendu eta babes sozioekonomikoa bermatzeko” helburuarekin. Koalizioak adierazi duenez, “Kutxa Fundazioaren Patronatuan aurkeztutako 2030 Plan Estrategikoan, obra soziala mantentzeko eta indartzeko helburua jaso da; euskararen, feminismoaren eta ekologiaren aldeko ardatzak indartuta”. EH Bilduk 2030 Plan Estrategikoa patronatuan onartu du baina, “argi utzi nahi du babestutako dokumentuak ez ziola erreferentziarik egiten inolako salmenta prozesuri, eta, ondorioz, ez dela egia Miramongo Kutxaespazioaren edota Arotz Enearen itxiera babestu denik”.
Ekogunea eta Kutxaespazioaren itxiera
Kutxa Fundazioak urriaren 29an iragarri zuen, 2023an Miramongo Eureka! Zientzia Museoa itxiko zutela. Horrekin batera, Ekogunea ere bertan behera utziko zutela adierazi zuten.
Kutxa Fundazioak “eraldaketa sakonaren” ondorioa dela esan zuen. Garai berrietara egokitu nahi dute, Gipuzkoan garapena sustatzeko konpromisoa mantenduz. Horrekin batera, Kutxa Fundazioak bere egoitza Tabakaleran jartzea aurreikusten du. Handik jarraituko dute hainbat alorretako egitasmoak aurrera eramaten. Hala nola, sozialak, artistikoak, kulturalak, teknologikoak eta zientifikoak.