Ainhoa Gutierrez eta Irati Cano zinemagile donostiarrak hautatu dituzte 'Zinebi Networking'-erako
Zinebik, Bilboko zinema dokumentalen eta film laburren nazioarteko jaialdiak, Zinebi Networking. Dokumentalen sorgunea foro profesionalean parte hartzeko zazpi proiektu aukeratu ditu. Horien artean daude Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Irati Cano Alkain zinemagile donostiarrak. Proiektu honen bidez, Zinebik ikus entzunezkoen ekoizpena bultzatu nahi du Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian.
Amak esan zidan (Irati Cano Alkain): Zuzendaria duela urte gutxi suntsitutako familia gunera itzuli da, aitak bere azken uda igaro zuen tokira. Artxiboko materiala, berak egindako grabazioak, zuzendariari kamera horren atzean dagoen begirada ezagutzen eta ulertzen laguntzen dion kartografia da. Irati Cano “Alkain Hitzen lotura” (2015) eta “Buenos días España” (2017) filmetako zuzendaria da. Kalakalab Gasteizko konpainiak ekoizten du.
Hezurrak (Ainhoa Gutierrez del Pozo eta Olatz Gonzalez Abrisketa): “Gizakien eta harraparien arteko harremanaren arkeologia eta alde bakoitzari esleitutako rolak” deskribatzen duen proiektu korala da hau. Euskal Herriko hartzaren eta otsoaren egoeratik abiatuta, dokumentalak benetako krisi ekologiko bateko paisaiaren alderdi material eta imajinarioak aztertzen ditu. Maluta Filmsek ekoitzia. Ainhoa Gutierrez del Pozo donostiarrak ZINEBI61 Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako Sail Ofizialean hartu zuen parte “Medvedek” (2019) filmarekin.
Proiektuek tutoretza pertsonalizatuen saio batean parte hartuko dute Virginia Garcïa del Pino zuzendari eta artistarekin, azaroaren 16an jendaurrean aurkeztu aurretik. Aurten aurrez aurrekoa izango da topaketa, Aida Vallejo sormenezko zinema dokumentaleko irakasle eta espezialistak moderatua. Zinebi Networking. Dokumentalen Sorgunea Saria azaroaren 19an Arriaga Antzokian emango da jaialdiaren itxiera ekitaldian, eta 10.000 euroko saria da
Beste industria sektore askotan bezala, “2021 urtea bereziki zaila” izan dela diote antolatzaileek, eta horregatik, “jaialdiak inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen du euskal ikus entzunezkoen sektoreari eta haren sortzaile eta ekoizleei laguntzea”. Jaialditik proposamen guztiak baloratu dituzte, eta foro profesionalean parte hartzeko aukeratu diren honako dokumental hauen ekoizpenerako aukerak, bideragarritasuna eta proposamen estetikoa nabarmendu dituzte.