"Kutxa Fundazioa da erabakia azaldu beharko duena, eta azalpen horren zain nago"

Kutxa Fundazioak urriaren 29an iragarri zuen Eureka! Zientzia Museoa itxiko duela 2023an, besteak beste. Erabakiak zalaparta sortu du herritarren eta alderdi politikoen artean. Eneko Goia alkateak gaur goizean eman du gaiaren inguruko bere iritzia ETB1eko Egun On Euskadi saioan: “Kutxa Fundazioa izango litzateke erabakia azaldu beharko duena. Zientzia arloa nola lantzen jarraitu behar duen azaldu beharko du. Azalpen horren zain nago”.
Bestalde, Plan Estrategikoari buruzko oharra plazaratu ostean, Kutxa Fundazioak beste ohar bat kaleratu du komunikabideetan argitaratu diren informazioei erantzuteko. “Eureka! Zientzia Museoaren jarduera bertan behera uzteak ez du esan nahi, inondik inora, fundazioak zientzia alde batera uzteko asmoa duenik. Kutxa Fundazioak zientzia alorreko hezkuntza eta zabalkundeari eutsiko dio, bere jardueraren funtsezko lan ildoa den heinean”, azaldu dute. Tabakaleran “proiektatu” dituzte zientziari zuzenduriko “espazio eta programa berriak”.