Askotariko tokiko produktuak egongo dira ostiralean eta larunbatean Bulebarrean
Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak aurkeztu du Tokiko Produktuaren Eguna, udaletxean. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udaleko Ekonomia Bultzatzeko zinegotzigoak Tokiko Produktuaren Eguna antolatu du beste behin, eta askotariko produktuak eskainiko dituzte ostiralean (09:00etatik 22:00etara) eta larunbatean (09:00etatik 15:00etara) Bulebarrean. Hain zuzen, 30 bat salmenta postu jarriko dituzte karpan, eta zortzi eurotik gorako erosketaren bat eginez gero, lau euroko opari txartelak emango dizkiete herritarrei. Gainera, doako dastaketak ere egin ahal izango dira, eta karpa girotzeko musika izango da.
Beste hainbat jarduera antolatu dituzte Tokiko Produktuaren Egunaren harira: Katalunia Plazan ekoizpen ekologikoari buruzko erakusketa bat jarriko dute, hiriko ikastetxeetako ikasleek San Martin azokara bisitak egingo dituzte, ikastetxeetako menuak eta hoteletako gosariak tokiko produktuekin egingo dira, Bertako Produktuarekiko Konpromisoaren Sariak banatuko dituzte eta azaroaren 9tik 13ra bitarte, online erosi ahal izango dira tokiko produktuak, %20ko deskontuarekin.
“Tokiko Produktuaren Egunak aukera ematen du herritarren artean gure inguruko profesionalen nekazaritza elikagaiak nabarmentzeko. Iaz, online soilik egin ahal izan genuen, eta aurten edizio hibridoa hautatu dugu. Postu gehiago izango ditugu, aurrez aurreko jarduerak egun batzuetan bilduko ditugu ‘0 kilometro’ deritzon produktua lantzen duten sektoreko eragile guztiekin elkarlanean, eta gure udal plataformaren bitartez salduko dugu bertako produktua: www.dssmarketplaza.eus“, azaldu du Marisol Garmendiak, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak.
Honako establezimendu hauek jarriko dute postua Bulebarreko karpan: Goenaga esnekiak (gazta, jogurta eta marmelada), Damasoro Etxaldea-Aitor Otaegi (urdaiazpikoa), Egotza (gazta), Rafa Gorrotxategi 1680 (turroiak, txokolateak, pastak, teilak, gorrotxak, trufak, bonboiak, kakaoak eta bestelakoak), GS Fine Wines (Barañano bermuta eta Lasalde txakolina), Karabeleko elkartea (barazki ekologikoak), Mañeko (gozogintza), Oihanalde (okela), Onein kontserbak (marmeladak eta landare kontserbak), Aparola (gaztak eta barazkiak), Mala Gissona (garagardo artisauak), Btab Artean (gailetak), Choco arte (txokolatea), Garrarte Donostia (gozoki artisauak), La sevillana (Santiago Enea sagardoa, Etxeberria txakolina, Amado hegaluzea, Mutrikuarra antxoak, La Vasco Navarra gazta, bertako babarrun beltza, Imaz piperminak, Mendabiako piperrak, Zubelzu piper moussea, Eugenia aparduna…), Aiku (eztia eta propolia), La oveja latxa (ahatekiak), Elkano taldea (Olatu txakolina), Hopa beer (garagardo artisaua), Goiburu (ahatekiak eta saltsak), Lurraren orena (barazkiak, babarrunak, landare lehorrak, eta abar), Etxeberri Goikoa Ez (behi gazta eta jogurtak), Goxo-rrubi (marrubiak, mugurdiak, urazak eta azak), Amallubi baserria (barazki ekologikoak) eta Muno baserria (frutak eta barazkiak).

