Bi urteren ostean, udalak hondartzako toldoen lehiaketa atera du berriro

Donostiako Gobernu Batzordeak laster onartuko ditu datorren udako hiriko toldoak, karpak eta itzalkinak esleitzeko lehiaketa arautuko duten oinarriak. Zerbitzu hori ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean emango da.
Pandemiaren ondorioz, bi urtez zerbitzua eman gabe egon dela azpimarratu du Miguel Angel Diezek, Hiri Mantentzeko zinegotziak. Adierazi duenez, “pandemia kontrolatuta dagoela dirudien honetan, eta normaltasuna hiriaren eguneroko jardunera itzultzen ari denez”, datorren udan Donostiako hondartzetan toldoak, karpak eta itzalkinak eskaintzeko moduan izango dela udala, “betiere osasun publikoko baldintzek ezin hobeak izaten jarraitzen badute”.
1.400 toldo zozkatuko dira. 440 Kontxako hondartzarako (horietatik zortzi egokituta daude); 424 toldo (hamabi egokituta daude), 98 karpa eta 198 itzalkin Ondarretako hondartzarako, eta 240 toldo (zortzi egokituta daude) Zurriolako hondartzarako.
Toldo horiek zozketa bidez esleituko dira, hiru urterako. Urtero dagokion tasa ordainduko dute esleipendunek, udalbatzak onartzen dituen zerga ordenantzetan jasoa.