"Guk erre nahi genituen tenplu horiek helburu bilakatu zitzaizkigun"
Liher taldeari izena eta ahotsa ematen dio Lide Hernandok. Gaur kaleratu dute euren laugarren lan luzea, 'Eta hutsa zen helmuga' izenarekin. Sei urteko ibilbidean, euren lekua egin dute eszenan, baina ez akaso nahi luketena.

Koronabirusaren pandemiak disko aurkezpenaren eta Europako biraren erdian harrapatu zuen taldea, eta egindako lan eskerga pikutara joan zela sentitu zuten. Garden mintzo da Hernando, arrakastaren helburuez eta honek ekarritako min psikologikoez. Bihar elkarrizketa osorik IRUTXULOKO HITZAren astekarian eta webgunean.
Hona hemen aurrerapena:
Askoz lan lasaiagoa iruditu zait ‘Eta hutsa zen helmuga’. ‘Break’-ak, ahots melodiak, soloak, egiturak… dena sinpleagoa eta erlaxatuagoa da, ezta?
Anbizio aldetik erlaxatuagoa da, bai. Horrek ez du esan nahi lan gutxiago egin dugunik. Bueno, lan gutxiago egin dugu, baina ez zentzu txarrean. Aurreko diskoa oso metodikoa zen, dena zegoen oso neurtuta, lan pilo bat, esfortzu estra pilo bat… Baina ikasi dugu horretatik. Guri lan karga gustatzen zaigu, kitzikatzen gaitu. Baina, egia da pandemiarekin hartutako ostia oso handia izan zela, eta beste modu batera pentsatu behar izan dugu aurrera begirako lana. Batez ere helburu aldetik.
Zergatik uste duzu Liherrek ez zuela jaso merezi zuen atentzioa?
Atentzioa gaizki banatzen delako. Banatzeko irizpideak ez zaizkit egokiak iruditzen. Azken finean, gizarte kapitalistaren logika da: errentagarrienak diren artistek jasotzen dute atentzio gehien. Orduan zuk frogatzen baduzu errentagarria zarela, jarraitzaile asko dituzula, aretoak betetzen dituzula, eta abar, atentzio gehiago emango dizute. Hori ez da batere justua, ezta logikoa ere. Biralizatzen den hori, gehiago biralizatzen da. Oso arraroa da hedabide bat dedikatzea itzalean dauden horiek itzaletik ateratzera.
“Tenpluak erre nahi genituen, baina ez ginen ohartu guk ere tenpluak nahi genituela”. Indartsu aurkeztu duzue gogoeta. Zein tenplu bilatu izan du Liherrek?
Onespena, onarpena, leku bat eszenan… hortaz ari naiz. Tenpluak Erre sortu genuenean, gure bigarren lana zen, oraindik ez ginen ia inor, eta orduan erraldoi horiek ikusten genituen, eta pentsatzen genuen sistema hau kaka zahar bat zela: atentzio gehien jasotzen dutenak, karteletan goian daudenak, ez dira konturatzen beraiekin jotzen duten talde horiek zeinen gutxi kobratzen duten, eta abar.
Gaur egun berdin pentsatzen dut, baina egia da, guk erre nahi genituen tenplu horiek helburu bilakatzen direla. Eta bai, nik aretoak bete nahi ditut, eta gero eta jende gehiagori gustatzea egiten duguna. Eta gu saiatu gara gurekin jotzen duten taldeekin erdi bana egiten, pentsatu gabe txikiagoak diren edo ez… Nahiz eta egia den batzuetan ez dela posible…