Sententziaren zain geratu da 13/13 epaiketa, "Redondo eta Agirreren kontrako frogarik gabe"

Gaur bukatu da Nerea Redondo, Iker Sarriegi eta Jon Enparantza donostiarren eta beste hiru euskal herritarren kontrako 13/13 epaiketa.Uztailean hasi zen sei herritarren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean zegoen ere Juan Mari Jauregi Egiako bizilagunaren kontrako espetxe zigor eskaera, baina joan den irailean zendu zen. Denei ETAko kide izatea leporatzen diete.
Gaur Redondoren eta Saioa Agirreren abokatu Jose Mari Elosuak eta Ibon Altunak hartu dute hitza, eta euren kontrako inolako frogarik aurkeztu gabe kondenatu nahi dituztela azaldu dute, epailaren aurrean. Elosuak azaldu du akusazioak zortzi lerro baino ez dituela idatzi Jauregi eta Redondoren aurka —bi baino ez dira Redondori buruzkoak—, eta “baieztapen faltsuak” direla adierazi du, BERRIAko kazetari Maddi Ane Txoperenak jaso duenez. Fiskalak Redondori eskatu zion, etxean zuen dirua “justifika” zezala, baina, Elosuak argudiatu duenez, fiskalak frogatu beharko luke nondik atera zuen, eta ez alderantziz.
ETAko kide direla ukatu dute akusatu guztiek, eta euren kontrako deklarazioak torturapean lortu izana salatu dute. Epaiketan zehar sona handia izan zuten Zuriarrain eta Agirreren tortura salaketek.
66 urteko espetxe zigorra
Pasa den astean Jose Perals fiskalak eta AVT eta Dignidad y Justicia taldeetako akusazio partikularrek Julen Zelarainen aurkako akusazioei uko egin ostean, Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Iker Sarriegi, Naia Zuriarrain, Saioa Agirre eta Nerea Redondo dira auzipetuak, eta guztira 66 urteko espetxe zigorra eskatzen dute eurentzat. Epaileak aste edo hilabete gutxiren buruan kaleratuko du sententzia.
Zuluetari eta Enparantzari ETAko buru izatea leporatzen diete, eta lehergaiak edukitzea. Sarriegiri eta Zuriarraini Koordinazio Taldearen (KT) bidez ETAko kide izatea leporatzen diete, eta Agirreri eta Redondori, ETAren laguntzaile izatea.