Bananas taldeak bere lehen kontzertua iragarri du
Bananas taldeak iragarri du azkenean bere lehen kontzertua. Abenduaren 12an izango da Dabadaban. Habi bikotearekin batera arituko dira donostiarrak, eta sarrerak ostiraletik aurrera daude salgai Dabadabaren web orrian.
Donostiako hardcore eta post harcdcore eszenako taldeetako kideek Azal bat urdina (2018, Autoekoiztua) EParekin aurkeztu zuten euren burua duela hiru urte. Orain lan berri eta osatuago batekin datoz: Garun ta eztarri. Taldeak berak grabatu duen arren, hardcore eszenako hainbat zigilu independiente batu eta biniloan argitaratu dute. Bananasen bandcamp orrialdean eskuragarri gaurtik aurrera.
Yaw, Madeleine, Adrenalized eta Hyedra taldeetan aritu dira, Gartxot Unsain (ahotsa eta eztarria), Itzal Uranga (gitarrak), Ander Xabier Tejadas (gitarrak), Xabi Arratibel (baxua) eta Borja Iriarte Iri(bateria). Talde batetik bestera egin daiteke salto. Zama kantuan, adibidez, topatu daiteke Madeleinen Gure etxean-eko gisako gitarrak, bi taldeen zaleentzat gozagarri. Yawren emozioa kantu bakoitzean somatzen da Unsainen ahots urratuarekin eta letra sakonekin.
Bitartean ekainean Gaztea irratian egindako zuzeneko honetaz gozatu dezakegu.