'Last Night in Soho' filma saritu dute ikusleek
32. Fantasiazko eta Beldurrezko Astearen palmaresa jakinarazi dute. Edgar Wright zuzendariaren Last Night in Soho film luzeak eskuratu du Ikusleen Saria. Beste hiru lan ere saritu dituzte ikusleek: They’re Here lanak jaso du film labur onenarena, Los días que (nunca) fueron lanak animaziozko film labur onenarena eta La luz lanak Espainiako film labur onenarena. Astea gaur bukatuko da Viktoria Eugeniako Mona Lisa and the Blood Moon filmaren proiekzioarekin.
Aldiz, Film Laburren Nazioarteko Lehiaketako epaimahaiak ‒Toni Costa, Maider Oleaga eta Sonia Pacios‒ Film Labur Onenaren Epaimahaiaren Saria erabaki du: Joanne Delachair zuzendariaren Dora lana. “Harrigarrizko zerbaiten eta ama baten eta bere alaba nerabearen arteko muga zeharkaezinaren arteko erlazio konplexua kontatzen duen modu originalagatik, baita sexualitatea irudimen handiz eta ausardiaz irudikatzeko zuzendariak egindako apustuagatik ere”, azaldu dute.
Zilarrezko Melies Europako Film Labur Onenaren saria, berriz, Mauriziana Gualdriniren Mum’s Sweater lanak eskuratu du. “Modu zehatz, argi eta hunkigarri batean aditzera ematen du galera batek eragindako oinazea, animazioaren estetika sotil eta, aldi berean, nabarmen batekin erabilita fantasiaren elementuak”, adierazi du epaimahaiak.
Gainerako sarien zerrenda ondorengoa da:
- Gazte Epaimahaiaren Saria film labur onenari: Night of the Living Dicks (2021). Ilja Rautsi.
- Syfy Saria Espainiako Film Labur Onenari: La luz (2021). Iago de Soto.
- Blogos de Oro Saria Film Luze Onenari: The Medium (2021). Banjong Pisanthanakun.
- Ikusleen Saria Fanzine Onenari: La valla.