Mattinek marrazturiko hamasei 'aurpegrafia' ikus daitezke Okendo Kultur Etxean
Literaktum jaialdiaren baitan, Mattin marrazkilariaren Aurpegrafiak erakusketa jarri dute Groseko Okendo Kultur Etxean. Abenduaren 17ra arte ikus daiteke. Euskal Herriko XX. mendeko euskarazko kulturaren, kirolaren eta genero berdintasunaren arloko pertsona ezagunen hamasei aurpegrafia biltzen ditu. Guztira, ordea, 50 dira. Mattinen hitzetan, “ez dituzte pertsonak zauritzen”, eta protagonistei eta haien ibilbideei omenaldia egiten dien “dibulgazio proiektu bati bizia” ematen diote.
Erakusketaren osagarri gisara hainbat jarduera prestatu dituzte, bai helduentzat bai umeentzat. Hilaren 13an umeentzako tailerra egingo du egileak (5-11 urte) kultur etxeko haurtxokoan, arratsaldez (17:30) eta euskaraz. Aurpegiko atalak kontutan hartuz aurpegrafia bat sortuko dute parte hartzaileek. Aldez aurreko izen ematea egiteko haurtxokoa_gros@donostia.eus helbide elektronikoari idatzi behar da. Sarrera doakoa da edukiera bete arte.
Hilaren 18an Mattinek berak bisita gidatuak egingo ditu arratsaldez, euskaraz 18:00tan eta gaztelaniaz 19:00tan. Sarrera doan izango da edukiera bete arte. Hilaren 19an helduentzako tailerrak egingo dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz. Marrazketa tailer praktikoa izango da. Helburua da pertsona baten ezaugarrien laburpena nola egiten den ikastea, sudurra, ahoa, belarriak, ileak eta halakoei erreparatuz. Azkenean guzti horiek aurpegrafia batean interpretatu eta laburbilduko dira. Sortu zure aurpegrafia euskarazko saioa 17:00etatik 18:45era tartean izango da, eta Crea tu carigrafía gaztelaniazkoa 19:00etatik eta 20:45era bitartean. 15 euro balio ditu eta kultur etxean edo Donostia Kulturaren webgunean eman behar da izena.