XX. mendeko hirigintzara buelta?
2021, klima larrialdia. Donostiako Udalak, ordea, 1980ko hamarkadako hirigintza eredura itzultzeko asmoa duela dirudi, landa eremua okupatuz eta ingurune naturalak artifizializatuz. Gerriko berdea ezabatzeko ahaleginek Belartza eta Antondegi dute abiapuntu. Utziko diegu?
Añorgako Belartza gaineko berdeguneko harri pilaketak leku berean jarraitzen du. (Argazkia: Haritzalde) Aitortu dute klima larrialdia, green washing, itxurakeria ongi geratzeko, baina bizi dugun krisialdi ekologikoari aurre egiteko egin behar diren urratsak eskasak eta traketsak dira. Are gehiago, kontrako noranzkoan tematuta jarraitzen dute, eta iraganera goazela dirudi. Egungo hirigintzak 1980ko eta 1990eko hamarkadetakoa gogora dakarkigu. Ondarearen aurkako eraso etengabea etekin ekonomiko erraza eta azkarra epe motzera bilatuz, begirada miopean. Ingurune naturalak, biodibertsitateak, ez dute baliorik. Gelditzen zaizkigun berdeguneak babestu eta blindatu beharrean, diru iturri bilakatu nahi dituzte kosta ahala kosta, lagun bakar batzuek sosak atera ditzaten herritar guztien eta interes orokorraren kaltetan.
Aurreko artikulu batean aipatzen genuen, landa eremuak eta oro har zonalde berdeek oraindik gordetzen duten biodibertsitatea babestea eta haren egoera hobetzea helburu beharko lukeela. Hura kontserbatzeko ezinbestekoa da Donostiako gerriko berdea. Hain zuzen ere, une honetan udala mehatxatzen ari dena Antondegin eta Belartzan garatu nahi dituen egitasmoekin.
Iraunkortasuna eta ekonomia zirkularra
Udalak bultzatzen dituen proiektuak behar-beharrezkoak omen dira, diru xahuketa suposatu arren. Porlanezko azpiegiturak sustatzen iaioak dira, azpiegitura berdeak, ordea, ez zaizkie interesatzen. Gainera, Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasunak esaten dutenaren gainetik pasaz. Biodibertsitateari eutsi nahi badiogu eta harekin geure bizi kalitatea hobetu, berdegune horiek babestu behar ditugu. Korridore berdeak sortu, eskualdekoak nahiz tokikoak, eta baldin badaude, sendotu beharko ditugu. Korridore horien diseinuan, aldiz, ez dute denborarik galdu. Horren ordez, hiriaren hesi efektua handitzen doa, berdea diskurtsoetan geldituz.
Gehiagotan esan dugu, garapen iraunkorra etengabeko hazkundearekin nahasten dutela. Sistemaren porrota gertatuko da eredu aldaketarik ez bada; etorkizuna iluna da. Agintean dauden alderdiek ekonomia zirkularra ulertzen dute inguruko lagunen arteko mozkin banaketa gisa. Haien zirkuluaren onura lortzeko denak balio du, herri ondarearen kontura bada, ere bai. Beharbada horregatik azpiegitura berdeetan ez dute interesik, etekin ekonomikorik ikusten ez dutelako. XXI. mendean gaude, noizko aldaketa? Zer gertatu behar da paradigma alda dadin?
Denboran atzerako bidaia
XX. mendearen bukaerako hirigintza eredua bueltan dagoela dirudi. Orduan etxe asko eta industrialdeak eraikitzen zein ezartzen ziren hiria zabalduz eta landa eremua okupatuz. Lurralde eta hiri antolaketa tresnak garatu diren heinean, okupazio mailari mugak jartzen joan zaizkie, teorikoak izan badira ere. Horrela, indarrean dauden planifikazio estrategikoetan, zaharkituta gelditu den 2010eko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra kasu. Agerian utzi da eremu naturalaren kontserbazio beharra, paperean hiri barruko garapena herrigunez kanpokoaren gainean jarriz eta lehenetsiz. Lurraldearen artifizializazioa aitortzen da elementu naturalak, landa eremua, gehiago ez okupatzearen aldeko apustu garbia eginez.
Aipaturiko mugak gainditzeko udalak tranpa egiten du. Gerriko berdearen parte diren eta oraindik landa eremuak diren Antondegiren eta Belartza gainaren moduko berdeguneak hirigune gisa hartzen ditu, 2010eko Plan Orokorrean oinarrituta. Ez zaie artifizializazioa eta ingurune naturalaren okupazioa iruditzen. Akaso tontoak garela uste al dute?
Antondegi eta Belartza jomugan
Salatu genuen Antondegin olatu artifizialen faktoria jartzeko udalaren egitasmoa. Itsasotik lau kilometro eskasera legoke, eta enpresak duen egoitzatik 25 kilometrora. Gainera, lur publikoa interes pribatuen esku jarrita. Non eta hiri osoko hegazti espezie kopururik altuena aitatu den eremuan. Baina udalaren proiektua ez da hor gelditzen, Martutene auzoa zein 27 Industrialdea Antondegirantz zabaldu nahi dituelako.
Gerriko berdearen parte den eremua suntsitu nahi dute 1980ko hamarkadakoa dirudien estrategia eroan. Dibertsitate biologiko handiko ingurunea dugu, korridore berdea eta gelditzen zaigun landa eremuaren parte. Hori nola baloratzen da? Zein da galera horren kostua? Plantea liteke Miramar Jauregia edo Viktoria Eugenia galtzea?
Belartzakoa, berriz, iruzurra da. Udalak ia bi urte eta erdi daramatza antzerkia egiten. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia bete gabe, harri bat bera ere mugitu gabe. Belartza gainean harri pilaketa legez kontrakoa da, baina epaia bete gabe horren gainean industriagune bat eraiki nahi du udalak, hango landa eremua txikituz eta artifizializatuz. Gezurrak gezurren gainean jarriz eta irregulartasunez josia egon den bidean, beti legaltasunaren mugan dabiltza eta oraingoan gaindituz. Beste behin ere, biodibertsitatea eta oinarrizko azpiegitura berdea kaltetuko dute. Ondare naturala defenda dezagun. Gu hor gaude, eta zu?


