Zazpigarrena nahi du Txuri Urdinek
Jokaturiko partida guztiak irabazi dituen talde bakarra da. Ezin da nabarmendu gabe utzi Txuri Urdineko emakumezkoen denboraldi hasiera. Seitik sei neurketa irabazita sailkapeneko lehen postuan daude 18 punturekin. Zazpigarrena bihar jokatuko dute etxean, Valdemoro laugarren sailkatuaren kontra. Irabaziz gero kategoriako talde guztiak mendean hartuko dituzte. Gizonezkoek, berriz, Puigcerdaren pistan jokatuko dute bihar gauean. Etxeko lanak beteta, etxetik kanpo ere puntu garrantzitsuak pilatu nahiko dituzte.
Belar hockeyan, Realak putzutik ateratzeko beharra du. Sei puntu baino ez dituzte batu eta amildegiaren ertzean daude. Hori dela eta, igandean Taburiente gainditzea ezinbestekoa izango da txuri-urdinentzat.
Eskubaloian, Bera Bera liderrak Zuazo hartuko du bihar etxean. Andrea Cardosok taldearekin zuen kontratua eten ostean, haren hutsunea nabarituko dute. Horrela ere, talde sendoa dute bide onetik jarraitzeko.
Azkenik, futbolean, Realeko neskek azken jipoia atzean uzteko aukera izango dute. Betis hartuko dute Zubietan, ligako talde indartsuetako bat. Garrantzitsua izango da andaluziarrei irabaztea konfiantza berreskuratzeko. Gizonezkoen Realak, berriz, Europa ligan egindako hutsa gainditu beharko du ligan. Sturm Grazen aurka bana berdindu zuten atzo iluntzean, eta Europan aurrera jarraitzeko aukerak gutxitu zaizkio talde txuri-urdinari. Ligan beste derbi bat izango du zain. Igandean jokatuko dute Osasunaren kontra Sadar futbol zelaian.
PARTIDAK
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehenengo maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin – Valdemoro (larunbata, 21:00)
Gizonezkoen lehenengo maila, 8. jardunaldia
- Puigcerda – Txuri Urdin (larunbata, 22:00)
Belar hockeya
Emakumezkoen Ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Reala – Taburiente (igandea, 13:00)
Eskubaloia
Emakumezkoen Ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Bera Bera – Zuazo (larunbata, 18:00)
Futbola
Emakumezkoen lehenengo maila, 9. jardunaldia
- Reala – Betis (larunbata, 17:00)
Gizonezkoen lehenengo maila, 13. jardunaldia
- Osasuna – Reala (igandea, 18:30)