Aste erabakigarrian sartu da Bera Bera

Ligako partida garrantzitsua du bihar Bera Berak, eta asteburuan Europa ligako azken kanporaketako joaneko partida jokatuko dute donostiarrek Errumaniako Ramnicu Valcea taldearen aurka. Paris 92 taldea kanporatu zuten bigarren kanporaketan, eta errumaniarrak kanporatzen badituzte, taldekako fasean sartuko dira. Joaneko partida larunbat honetan izango da Errumanian, 14:00etan, eta itzulerako partida Donostian jokatuko da azaroaren 20an, 16:00etan.
Galiziako Guardes taldearen aurka jokatuko du bihar Bera Berak etxetik kanpo. Galiziarrak bosgarren postuan daude ligan hamar punturekin, nahiz eta partida bat gutxiago jokatu duten. Bera Bera, berriz, lehen postuan dago, hamabost punturekin, eta jarraian Rocasa du, puntu bat gutxiagorekin.
Duela bi aste Esther Arrojeria Bera Berako jokalaria elkarrizketatu zuen IRUTXULOKO HITZAk. Ligan zentratuta daudela adierazi zuen usurbildarrak, eta Europako partida gerturatu arte ez dutela horretan pentsatuko gehitu zuen.