Ibilgailu elektrikoetan joango dira ur kontagailuak irakurtzera
Astelehenean aurkeztu zuten ur kontagailuak irakurtzen dituen enpresaren ibilgailuen flota berria. (Argazkia: Donostiako Udala) Donostiako Udalak jakinarazi duenez, hiriko ur kontagailuak irakurtzen dituen Vanagua enpresak bere ibilgailuen flota berritu du, garraiobide guztiak elektrikoak baitira orain. Hain zuzen, bi auto eta sei motor erabat elektriko dira, eta urtean 52,39 tona CO2 gutxiago isuriko dituzte atmosferara.
Izan ere, Vanaguak 2011tik egiten du Donostiako ur kontagailuen irakurketak. Hirian 91.192 kontagailu daude, eta Vanaguak 300.000 irakurketa egiten ditu urtero. Gainera, azken urteotan irakurketa kopurua areagotu da, besteak beste, Txomiñenean, Atotxa Errekan eta San Bartolomen eraikitako etxebizitza berrien ondorioz.
Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak nabarmendu du enpresak bere jarduerak hirian sortzen duen karbono aztarna murrizteko hartu duela erabakia, eta adierazi du udal zerbitzuetako beste ibilgailu batzuk ere elektrikoak izango direla, “klima aldaketaren aurkako borrokan laguntzeko”.


