Juan Mari Jauregi Egiako militantea omenduko dute azaroaren 27an

Juan Mari Jauregi Egiako bizilaguna eta ezker abertzaleko militante ezaguna omenduko dute azaroaren 27an. Irailean zendu zen Jauregi, bere kontra 13/13 epaiketa egiten ari zen bitartean. Hain zuzen, uztailean Auzitegi Nazionalean egin zituzten saioetara joateaz salbuetsi zuten, haren osasun egoerarengatik. Egiako Plaza Haundin egingo diote omenaldia, bere lagunek eta auzoko herri eragileek.
Oso pertsona ezaguna zen Jauregi Egian, “bizitza osoan zehar” inplikatuta egon zelako auzoko mugimenduekin. Presoen alde egindako lanagatik, atxilotu eta torturatu egin zuten 2010ean.
Jauregi berak kontatu zuen, Jose Luis Gallastegi eta Joxe Domingo Aizpuruarekin batera egindako agerraldi batean, guardia zibilak egin ziona: “Nire eritasunaz ohartu zirenean [66 urte zituen atxilotu zutenean, eta arritmia zuen], esan zidaten han gelditzen banintzen, hiltzen banintzen, ez zela ezer gertatuko. [Jon] Anzarena bezala izango zela. Esan zidaten han ez nuela inolako eskubiderik, ni etsaia nintzela eta etsaia suntsitu egin beharra zegoela”. Horrela jarraitu zuen kontakizuna: “Biluztu egin ninduten. Zutik egon nintzen denbora guztian. Dardaraz hasi zitzaizkidan hankak, hotzaren, beldurraren eta nekearen ondorioz. Erortzear egon nintzen”. Ordea, bigarren egunean beroa pasarazi zioten: “Itomena nuen. Berokia guztiz lotuta, begiak estalita eta begien estalkien gainetik beste kaputxa edo trapuren bat jarri zidaten”. Horrez gain, haren alaba erditzear zegoen garai hartan, eta Jauregik kontatu zuen horri buruzko mehatxuak ere egin zizkiotela: “Nire emaztearen eta alabaren aurkako mehatxuak etengabeak ziren”.
Hori guztiak Jauregiren sufrimendua areagotu zuela esan zuen Sortuk Jauregiren heriotzaren berri izatean: “Infernu horren zama azken egunera arte pairatu behar izan du Juan Marik: torturak osasuna kaltetu ez ezik, sumarioa hamarkada batez luzatzeak oinazea areagotu baino ez zion egin. Juan Mari Estatuaren biolentziaren biktima dugu, eta Estatuak gupidarik gabe eta anker jokatu du berarekin: agertoki demokratiko baten alde jarduteagatik jesarrarazi zuten Auzitegi Nazionalean, ETAren jarduera armatua amaitu eta hamar urtera”.