Susana Rodriguez eta Carles Castillejo Behobia-Donostiako irteeran izango dira

Egun gutxi falta dira 56. Behobia-Donostia lasterketarako. Igandean, hilaren 9an, izango da hogei kilometroko proba. Gaur, aldiz, prentsaurreko teknikoa egin dute antolatzaileek Pio Baroja kiroldegian. Iñigo Etxeberria lasterketaren koordinatzaileak eta Fernando Ibarreta produktore eragileak Behobia-Donostiaren inguruko xehetasunak eman dituzte. 25.379 korrikalarik parte hartuko dute, 1.500 haurrek, 134 patinatzailek eta ezgaitasunen bat duten 51 (17 gidarekin) pertsonak.
Partaidetzari dagokionez, Behobia-Donostia irabazi duten hainbat lasterkari izango dira Behobiako irteeran. Hala nola, Carles Castillejo –hiru aldiz irabazi du– eta Jaume Leiva –behin irabazi– kataluniarrak. Emakumezkoen artean nabarmentzekoa da Susana Rodriguez triatleta paralinpiarraren parte hartzea. Tokioko Paralinpiar Jokoetan urrezko domina jantzi zuen. Emakumezkoen artean Nuria Lugueros lasterkaria ere aipatu behar da, berriki Madrilgo maratoi erdia irabazi duena.
Antolatzaileek bestelako jardueren informazioa ere eman dute: COVID-19 neurriak –maskara jantzi beharko da lasterketa hasi aurretik eta ondoren–, 50/50/25 proiektua –%25ekoa da aurten emakumeen partaidetza– eta Behobia-Donostia txikia. Horrekin batera, dortsalak jasotzeko puntu nagusia Anoeta futbol estadioa izango dela adierazi dute. Hilaren 12an, 12:00etatik 21:00etara, eta, hilaren 13an, 10:00etatik 20:30tara, eskuratu ahal izango dira. Han poltsa jasotzeaz gain, lasterketa egunerako tren txartelen salmenta eta kontsigna aurreratua egongo dira.