Astiñeneko zubi berriaren egitura jartzeko lanak atzeratu dituzte
Egia eta Loiola lotuko dituen Astiñeneko zubi berriak atzerapenak pilatzen jarraitzen du. Donostiako Udalak iragarri zuen urriaren 18ko astean jarriko zutela alde batetik besterako zubiaren egitura. Izan ere, egitura hori osatuko duten altzairuzko zatiak urriko hirugarren astean ekarri zituzten kamioetan Ponferradatik (Leon, Espainia).
Nolanahi ere, udaleko iturriek diote oraindik pieza batzuk falta direla egitura osatzeko. Altzairuzko pieza horiek iristean ibaiaren albo batean lotuko dituzte, eta garabi handi baten bidez kokatuko dute Urumea ibaiaren gainean alde batetik bestera.
Astiñeneko zubi berria datorren urteko apirilerako prest egotea aurreikusten du udalak.