Disko berria aurkeztuko du igandean Bi Zaldi taldeak Txantxarrekan
Bi Zaldi donostiarrek, disko berria aurkeztuko dute igande honetan Txantxarreka Gaztetxean (Antigua). Lo Zena da diskoaren izena eta Balio Dute kolektiboaren babesean kaleratuko dute. Gaur Badok.eus atarian entzungai jarri dute Artea kantua. Kontzertua arratsaldeko 18:00etan izango da eta sarrerak Trikuharri Tabernan eta Txantxarrekaren emailean eskuratu ahalko dira.
Lo Zena diskoa, 2016an sortutako doinu eta letrekin osatu dute. Diskoaren soinua Beñat Antxustegik, Juanan Rosek, eta Alberto Lizarraldek landu dute, eta azala eta diskoaren diseinuan Eneko Etxebeste eta Makoki aritu dira.
Taldea 2013an sortu zen Zaldibian, Gartxot Unsain eta Beñat Antxustegi ingelesezko kantuen bertsioak egiten hasi zirenean. Denborarekin proiektua egonkortu eta euren kantu propioak egitearekin batera, Eneko Sierra saxofoi jolea batu zitzaien. Disko honetan Alberto Lizarralde musikaria izan dute alboan, ekoizpen eta nahasketak eginez.
Kolaborazioei dagokienez, Maite Arroitajauregi “Mursego”, Jon Arzelus, Garazi Esnaola, Sorkunde Idigoras, Joshka Natke, Adrian Serna, Angel Unzu, Ane Antxustegi, Esti Beraza, Maddi Gerriko, Lide Hernando, Tristan Morguy eta Itzal Uranga aritu dira.
Euskal Herriko aurkezpen bira. 7 lurralde 7 emanaldi
2021eko azaroan emango diote hasiera Euskal Herrian zehar burutuko duten biratxoari, zazpi lurraldeetan aurkeztu nahi dute lana. Lehen aurkezpen kontzertua Aiaraldean eskainiko dute azaroaren 13an, Laudioko Ekintzen Faktorian (Araba). Igandean egingo dute bigarren aurkezpena, Donostian.