Lanbide Heziketako Nazioarteko Kongresuaren parean sektoreko lanpostuen behin behinekotasuna salatu dute
Argazkia: ELA Gaur eta bihar Kursaal Jauregian Lanbide Heziketari buruzko Nazioarteko Kongresua egingo da Hezkuntza sailaren eskutik. “Lanbide Heziketa gizatasunaren, teknologiaren eta adimenaren aroaren aurrean” lemapean antolatu dute. Bi egunez gaiaren inguruko hainbat adituk 4. industria-iraultzaren aurrerapenari eta Lanbide Heziketan duten inplikazioari buruzko saioak eskainiko dituzte.
Hori dela eta, ELAk gaur goizean protesta egin du Kursaal aurrean, Lanbide Heziketak dituen gabezia eta erronkei aurre egiteko beharrezko baliabide eta neurriak eskatzeko. 08:30ean elkartu dira Kursaal parean, Irakasle teknikoen lanpostuak bermatu eta kontsolidatu lemadun pankartarekin. “Sektore honetako behin behinekotasun arazoari heldu eta euren lanpostuak arriskuan dituzten ehunka lamgile teknikoren lanpostuak bermatzeko beharra nabarmendu dute.
Besteak beste, Lanbide Heziketan %50tik gorako behin behinekotasuna dagoela salatu dute: “behin behinekotasun tasa jasanezina dela eta, irakasle tekniko ugarik bizi duten egoera ezegonkorra izugarria da eta tamalez, lanbide heziketaren kalitatea ere kolokan dago”. Era berean, planteatzen ari den sistema dualarekin “pribatizazioari eta lanpostu suntsiketari ateak ireki”asmoz dabiltzala diote.
LAB
LABek ere kontzentrazioa egin du Kursaal parean, Bikaintasunik ez langilerik gabe! Irakasle teknikoak borrokan lelopean. “Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako bikaintasuna harrotasunez erakusten badu ere, sektoreko arazoak konpontzeko inolako urratsik ematen ez duela” salatu du.


