Itsasoarekiko maitasuna aldarrikatuko du Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak
Hilaren 18tik 20ra egingo da 45. Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Realaren Urpeko sailak antolatzen du, eta gaur goizean aurkeztu dute Donostiako Aquariumean. Aurten aurkeztu diren film labur eta dokumental onenak proiektatuko dituzte hiru egunez, Antzoki Zaharrean (19:00). Bestalde, hilaren 20an Txikizikloa egingo dute familian, 12:00etan, Aquariumeko areto nagusian. Egitaraua bere osotasunean zikloaren webgunean kontsultatu daiteke.
“Pasioa, borondatea, talentua eta itsasoarekiko maitasun amaigabea biltzeko berezko gaitasunagatik ospea bereganatu duen lehiaketa da Donostiako Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa. Film laburren intentsitateak eragin handia du ikuslearengan, bai irudiengatik, zein transmititzen diguten mezuarengatik. Pantaila handian oso gutxitan ikusi daitezken leku eta espezie ezberdinen irudiak ikusteko aukera ematen duen erakusleihoa izanda, bideografo onenek ur azpian ematen dituzten ordu guztiei esker lortutako irudi paregabeak eskaintzen ditu”, azaldu dute antolatzaileek. Horrekin batera, “gizakiak itsasoarekiko duen jarrera desegoki eta krudela” azaleratu eta gaur egun “onartzeko zailak diren” egoerak erakutsi nahi ditu zikloak.