Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote gizon bati, 2017an Donostian emakume bat erasotzeagatik
Indarkeria matxistaren aurkako mobilizazio bat, Donostian. (Argazkia: Iñaut Gonzalez de Matauko Rada) Donostiako Auzitegiak sei urteko kartzela zigorra ezarri zion asteazkenean gizon bati, 2017an Donostian emakume baten aurkako sexu eraso bat egiteagatik. Bederatzi urteko zigorra eskatzen zuen fiskaltzak hasieran, baina gizonak gertatutakoa aitortu zuen, baita akusazioarekin akordio batera heldu ere. Era berean, leungarri moduan, mozkorra zegoela esan zuen. Espetxealdiaz gain, 6.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio gizonak biktimari, eta ezingo da harengana hurbildu ezta harekin harremanik izan ere, hamar urtez.
2017ko otsailaren 19ean gertatu zen erasoa, emakumea, zigortutako gizona eta beste gizon bat zenbait tabernatan parranda egiten aritu ondoren, Intxaurrondoko garaje batzuetara joan zirenean. Beste gizonak alde egin zuen, eta erasotzaileak orduan eraso zuen biktima. Orduan, 26 urte zituen.

