Auzotarrekin batera diseinatuko dute plaza
Bidebietako bizilagunen eskaerari erantzunez, Donostiako Udalak auzoko plaza berritzeko partaidetza prozesua abiatu du. Paisaje Transversal arkitekto taldeak gidatuko du prozesua.
Hemezortzi urte bete dira Bidebieta erdian dagoen parkea berritu eta berrantolatu zutenetik. «Zaharkitua geratu da», dio Jon Tamayok, Bidebietako Auzo Sareko kideak. «1980ko hamarkadan eraiki zenaren ordezkoa da. Parke horrek desnibel asko zituen eta arriskutsua zen. Ordezkoak bere funtzioa bete du, baina dagoeneko ez ditu auzotar guztien beharrak betetzen».
Hori dela eta, auzoan parkea hobetzeko galdeketa bat egin zuten. Auzotarren iritziak eta proposamenak jaso ostean, udalarengana jo zuten. «Urte hasieran txosten bat aurkeztu genion udalari, parkearen berrikuntza aintzat har zezaten aurrekontu parte hartzaileetan», azaldu du Tamayok. Besteak beste, ondorengo proposamenak jaso zituzten txostenean: haur parkearentzako estalkia, animalientzako leku bat, komun publikoak eta iturriaren kokapen egokiagoa.
Udalaren erantzuna hilabete batzuk beranduago jaso zuten. «Aurrekontu parte hartzaileetan sartu ordez, proiektua Ekialdeko Barrutiaren aurrekontu propiotik bideratzea proposatu ziguten. Aldaketa hori onartu genuen, eta barrutiak proiektua aurrera eramatea erabaki zuen», dio Tamayok.
Donostiako Udalak, Auzoak eta Partaidetza sailen bidez, eta Paisaje Transversal arkitekto taldeak azaroaren 3an aurkeztu zuten Bidebietako parkea berritzeko partaidetza prozesua. Bideberri institutuan izan zen, eta hainbat auzotarrek parte hartu zuten. «Prozesuaren helburu nagusia parkearen diseinua auzotarrekin lantzea da. Horretarako, auzotarren beharrak eta proposamenak identifikatuko ditugu», adierazi du Maria Jesus Idoeta Auzoetako zinegotziak.
«Oso pozik gaude gure eskaerari erantzun diotelako. Berdin zaigu zeinek exekutatzen duen obra. Nahi duguna da udalak auzoan gauzak egitea, eta argi dugu parkea berritu behar dela», esan du Tamayok. Bera aurkezpenean izan zen, eta prozesua «ondo prestatu» dela iruditzen zaio. Gainera, udalak 300.000 euroko inbertsioa egingo du parkea berritzeko, eta kopuru hori «esanguratsua» dela uste du Tamayok.
2022rako bukatuta
Partaidetza prozesua abenduan bukatzea aurreikusten du udalak. «Azaroaren 20ra bitarte, auzoko kolektiboekin saioak egingo ditugu, eta egun horretan bertan mapa kolektibo bat egingo dugu Bidebietan. Ondoren, abenduaren 11n, diseinu kolektiborako saio bat egingo dugu», azaldu du Idoetak. Prozesuaren emaitzak eta ondorioak aztertuta, parkea berritzeko proiektua zehaztuko dute. 2022an parkea berritzea aurreikusten du udalak.
Datorren astean, Paisaje Transversal taldeko arkitektoak auzotarrekin elkartuko dira parkean. «Gure ideiak eta zalantzak azalduko dizkiegu. Elkarlanerako prest gaude, prozesua aurrera eraman ahal izateko», nabarmendu du Tamayok. Bidebietarentzat «obra garrantzitsua» dela gaineratu du: «Parkeak ez ditu adinekoen, gazteen eta familien beharrak betetzen. Berritzean lortuko da hori, eta horregatik, itxaropentsu gaude proiektuarekin».