Ehun urtedun zubia
XX. mendearen hasierara arte, Santa Katalina zen Donostiako lehen zubia, ala azkena. 1915. urtean hasi ziren Zurriolako zubia eraikitzen, eta 1921eko abuztuan inauguratu zuten. Ordutik hona Gros eta Parte Zaharra lotzen dituen zubiak hainbat hobekuntza lan izan ditu.
1921. urteko abuztuaren 14an egin zuten Zurriolako zubiaren inaugurazioa. (Argazkia: Kutxateka) Duela ehun urte, Grosetik Parte Zaharrera joateko, donostiarrek Santa Katalina zubiraino joan behar zuten. Garai hartako biztanleentzat Santa Katalina izango zen lehen zubia, edo azkena, baina bigarrena da gaur egun, 1921. urtean amaitu baitzituzten Zurriolako zubia eraikitzeko lanak.
1915. urtean hasi ziren Zurriolako zubia eraikitzen. Lehenik farola ezagunen azpian dauden pilareak eraiki zituzten, eta horren gainean errepidea eta espaloia eusteko egurrezko egitura eraiki zuten. Sei urte iraun zuten eraikitze lanek, proiektuaren erdian zubiaren hainbat zati indartu egin baitzituzten, itsaso zakarrari aurre egiteko.
Jose Eugenio Ribera ingeniariak diseinatu zuen zubia, eta farola ezagunak, aldiz, Victor Arana ingeniariak. Kursaaleko Kasinoa ere garai berean eraiki zuten, eta 1922. urtean ireki zituen ateak. Bi eraikuntza berri hauek guztiz aldatu zuten Grosen eta Zurriolaren itxura.
Zubiaren inaugurazio festa
Sei urteko lanen ostean, 1921. urteko abuztuaren 14an inauguratu zuten Zurriolako zubia. Ion Urrestarazu Parada historia dibulgatzaile donostiarrak Donostiando blogean inaugurazio ekitaldiari buruz idatzi zuen joan den abuztuan, ehungarren urteurrena dela eta.
Hasiera batean, Kursaaleko zubia izena hartu zuen, baina handik gutxira Zurriolako zubia izena hartu zuen. Urrestarazuren arabera, eta Kutxatekan dauden argazkietan ikusi daitekeen moduan, banderez eta festa apaingarriez jantzi zituzten farolak. 11:00etan iritsi ziren elizako ordezkariak, eta Uranga apaizak bedeinkatu egin zuen zubia. Pedro Zaragueta alkatearen emazteak moztu zuen zubia zeharkatzen zuen zinta, eta Bartzelonako matrikula zuen auto bat izan zen zubia zeharkatzen lehena, Ignacio Torres Gonzalezena.
Udalerriko Bandak Donostiako Martxa jo zuen, eta traineru estropada bat egin zuten Urumean, baita kukaña eta bestelako jarduerak egin ere.

