Gero eta gehiago idatzi, gero eta hobeto idazteko
Yurre Ugarte (Tolosa, 1965) idazle eta gidoilaria da. Komikigintza, antzerkigintza eta idaztearekin zerikusia duten territorio guztietan dabil bihotz eta buru. Azken urteotan, idazle eskola sortzen ari da Donostian, Zaldi Urdinan. Eskola baino, tailerra. Eta bera ez da irakaslea. Irakasleak ikasleak dira, eta alderantziz.

Mikroipun bat idazterako orduan, ez da inoiz hasieratik hasi behar, eta bukaera baino lehen bukatu behar da testua. Ez da ulertzeko oso erraza, baina hori da sekretua. Hori, eta amaieran harrituko zaituen zerbait eskaintzea. Bira bat, elipsi bat, dena delakoa. Horrelako ipuin zoragarriak dituzte Jorge Luis Borgesek edo Joseba Sarrionandiak. Eta horrelako testuak lantzen dira Yurre Ugarteren literatura sormen tailerrean.
Ia sei urte dira tailerra martxan dela, euskarazko eta gaztelaniazko talde banarekin, Groseko Zaldi Urdina arte espazioan. “Ez nuen horrelakorik inoiz egin, baina bertan egiten ziren tailerrak ikusita, animatu egin nintzen”, aitortzen du Ugartek.
Taldea oinarri
Kasik esperientziaz eta kasik intuizioz, taldeari lehentasuna ematea erabaki zuen Ugartek. Gerora jakin zuen Ursula K. Le Guinek bere tailerren oinarria hori bera zuela.
Reciprocal group criticism da Le Guinek erabiltzen duen talde kritika metodoa, hain zuzen. “Le Guinek ere aitortzen du hori dela bide bakarra: irakatsi al daiteke sormenezko idazketa bestela? Hori da galdera”. Irakasleak ez badu erakutsiko, taldekideek elkar erakus dezatela, beraz.
Ordu pare batez biltzen dira astean behin “eta, lehen behintzat, ondoren pote bat”, eta bertan ariketa bat egiteko eskatzen die Ugartek. Idazten dutena ahots goran irakurri, eta kideek zuzenketak proposatzen dituzte.
Irakurtzerakoan, zure testuari zuzenketak egiteaz gain, gainontzekoengandik ikasten duzula uste du Ugartek. “Harrigarria da nola ideia beretik ez den inoiz testu berdin bat ateratzen. Bakoitzak eramaten du bere mundura”.
Partaideen aniztasunak laguntzen du horretan: “Urtero ezberdina da taldea, baina beti dago oreka polit bat profilen artean”. Honela, umorezko testuak, testu biografikoak, dramatikoak, ilunak, poetikoak eta filosofikoak sortzen dira, “eta beti harritzen gaituen enfokeren bat!”.
Ugartek kariñoz gogoratzen ditu tailerrera etorri ziren hamabost urteko bi neska, euren literatura irakasleak gomendatuta. “Literatura izugarri gustatzen zitzaien, testu klasikoenetatik Harry Potterrera, dena xurgatzen zuten”.
Sormena lehentasun
Idazten ikasteko, aniztasun hori da gakoa Ugarterentzat: “Ez nuke sinistuko sormenezko tailer batean, guztiek estilo eta neura eta gai berdinak erabiliko balituzkete. Ariketa berdinak egin arren, beti testu ezberdinak ateratzen dira. Eta hala behar du. Hau ez delako funtzionarioen idazketa tailer bat; sormenezko idazketa, sortzeko da”.
Norabidea ez da adjektibo kalifikatiboak eta lokuzio berriak ikastea. Behin eta berriz errepikatzen du Ugartek: “Helburua da gero eta gehiago idaztea, eta gero eta gehiago disfrutatzea idaztean. Eta azkenean, gero eta hobeto idaztea”.
Ikuspegiak landuz
Tailerrean, ariketa askorekin askatzen da barnean duten idazketa sena. Eta denetarik probatzen dute: ausazko hitzekin testuak sortzea, besteen testuetatik abiatzea, txinerazko ideogrametan oinarrituz idaztea, hitz asmatuekin ariketak…
Xelebrekeria dirudi hitzak asmatzea, baina “aurrizkiekin eta atzizkiekin jolastuz, aukera ugari ematen ditu euskarak: postigandea, desdenbora, hiperatzotar, orduzale… oso dibertigarria eta pizgarria da”.
Onartzen du ikuspegiaren inguruko ariketa teknikoagoak egiten direla ere: “Funtsezkoa da narratzaile eta ikuspuntu ezberdinak lantzen ikastea. Idazten ari zarenean, aukera guztiak dituzu irekita, hitz oro aukera bat da, baina batez ere nondik idazten duzun. Hori da axuriaren ama”.
Hemen biltzen diren taldeen aniztasunak, eta entzutearen bitartez ikasteak, “giro polit eta benetakoa sortzen du”. Horrek, “oso autobiografikoak” diren testuak sortzen laguntzen du, barrenak askatzen laguntzeko. Azken finean, “fikzioa sortzeko gure neurosietatik edaten dugu”. Are gehiago, ikasten ari diren idazleekin. “Bi ordutan mamia jarri behar duzu. Modu harrigarrian, azalekoak diren testu oso gutxi egiten dira”.
Testu eta irudiekin erakusketa
Artista ezberdinekin kolaboratzeko aukera izan dute ere. Iaz, adibidez, Zaldi Urdineko ilustratzaileen koadroak idatzi zituzten, eta idatzitako testuak ilustratu. Emaitza Literaktum jaialdiaren barruan dago ikusgarri, Altzako Tomasene Kultur Etxean abenduaren 11 arte.
“Ustekabeari garrantzia eman behar zaio testuaren amaieran”, gogorarazi du Ugartek. “Irakurlea harritu behar duzu, sentsazio berri bat eman”. Testu guztiak izan daitezkeelako jolasteko eta ikasteko aitzakia: “Adibidez, paragrafo bakoitzaren hasierak batuta, mezuren bat gorde dezakezu”. Erronka onartu dugu, eta mezutxoa gorde, irakurlearentzat.