Gurasoak ere ume izan ziren nolabait

Txomin Lasa Manterola, ZINEMA KRITIKARIA

Filma: PETITE MAMAN
Zuzendaria:
Celine Sciamma
Urtea: 2021
Herrialdea: Frantzia

Denok izan dugu noiz edo noiz gure gurasoen haurtzaroa nolakoa izan zen ezagutzeko jakin-mina, Nelly neskatilak Petite maman-en duen jakin-min hori. Egia da umeen begietan gurasoak erraldoi ahalguztidunak izan ohi direla. Izaten dira, ordea, irudi ideal hori pitzatzen duten momentu puntualak; umearen aurrean ama eta aita guztiz babesgabe agertzen diren uneak, alegia, gurasoak ere noizbait haiek bezain txiki eta inuzenteak izan zireneko arrastoak. Askok gogoratuko dute, segur aski, txikitan amona edo aitonaren heriotzarekin nola egin zuen negar aitak edo amak, berriz haur txikiak izango balira bezalaxe, mainekin joan berri ziren babesleei deika. Momentu hauskor horietako bat aztertu nahi izan du Celine Sciammak azken filmean: Nellyri amona hil zaio, Marioni, berriz, ama, eta gertakariak ama-alabak aurrez aurre jarriko ditu, biak ume bihurtuta.

Izan ere, amona hil ondoren, etxea hustera joan beharko dute Nellyk eta gurasoek egun batzuetarako. Bertan, amak eta aitak altzariak mugitzen dituzten bitartean, inguruko basoetan murgilduko da neskatoa jolasean, amak txikitan jolas egiten zuen baso eta inguru beretan. Hortxe, udazkeneko arbola artean, Nellyk adin bereko neskatila bat aurkituko du, eta lagun berriarekin umeen fantasiazko portale magiko bihurtuko den egurrezko etxola eraikiko dute. Sciammak ume kontakizunetan ohikoa den premisa berreskuratzen du horrela, amonaren etxera edo arrotza den ingurune batera heltzen den haurrarena, inguru berriak ezkutatzen dituen fantasiazko sekretuak arakatzen dituenarena (burura datozkit del Tororen El laberinto del fauno, edo, argiago, Miyazakiren Mi Vecino Totoro). Oraingoan, filmaren elementu fantastikoa denbora saltoan dago, basoko ume hori Marion bera da eta, Nellyren ama, umezaroko urteetan. Horrela, zinemagile frantziarrak maisuki eramango du kontakizun alegorikoa bilbearen estetikara eta testuinguru errealistara.

Ideia nagusi hori da ordu eta laurden eskaseko pelikula minimalista honen elementu dotoreena —Ama-alaben arteko harremanak era originalean aztertzeko, aukeraz betetako metafora indartsua du eskuen artean zuzendariak, ikusten denez, amets batean bururatu zitzaion—. Era horretan, hainbeste interesatzen zaion umezarora bueltatu da Sciamma (Tomboy-n eta Girlhood-en egin zuen moduan), eta Retrato de una mujer en llamas-ko izpirituarekin, maitasun erlazio bat aurkeztu digu berriro ere (erotikoa ez ezik, adiskidetasunarekin eta ama-alaben arteko maitasunarekin zerikusia duena). Hala eta guztiz ere, bere magnum opus-ko protagonistek zituzten isiltasunez betetako begiraden jokoa mantentzen du pelikula honetako protagonistekin ere, aurreko filmean lortzen zuen indarrik gabe, ordea, Josephine eta Gabrielle Sanz ahizpa txikiek ez baitute beharrezko naturaltasuna lortzen. Baina horrez gain, kontakizun eder eta leuna eraiki du Sciammak: ama-alaben harremana modu berritzailean esploratu, eta, bide batez, gurasoak ere noizbait ume izan zirela gogorarazten digu.

HITZAkide HITZAkide