Hiru 'Turisaski' eta spot bat, Donostian Gabonetako turismoa sustatzeko
Donostia Turismoak “Sentitu magia Donostian” kanpaina abiatu du, Gabonetan turismoa sustatzeko.Kanpaina urtarrilaren 6ra arte egongo da aktibo eta haren helburua da “Donostiaren erakargarritasuna gogoraraztea eta sustatzea, bereziki gertutasuneko publikoarengan, Espainiako eta Frantziako merkatuan, arreta jarrita”. Adierazi dutenaren arabera, Gabonen aurreko datetan kanpainak “indar berezia eman nahi dio tokiko merkataritzari, jasangarritasunaren alde eginez, eta hala, herritarren, bisitarien eta Donostiako merkatarien arteko orekaren” alde egin.
Donostiako Udaleko Turismo Jasangarriko zinegotziaren, Cristina Lagéren, hitzetan: “Kanpaina honekin herritarrak nahiz bisitariak partaide bihurtu nahi ditugu; horregatik, zenbait roletan konektatzeko kanpaina proposatzen dugu: alde batetik, anfitrioi gisa, eta bestetik, bisitari gisa; betiere, kanpainaren erdigunean Gabonetako pertsonaia nagusiak izanik: Olentzero eta Mari Domingi, eta hiru Errege Magoak”.
Spota eta ‘turisaskiak’
Kanpainaren erdigunea spot bat izango da. Bertan, hiru Errege Magoak ikusiko dira, oharkabean pasatu nahian, Donostian opor egun batzuk pasatzen, Olentzero eta Mari Domingik, anfitrioi lanak egiten dituzten bitartean
Marisol Garmendia Garapen Ekonomikoko zinegotziak eskerrak eman ditu tokiko merkataritzaren aldeko Turismo kanpainagatik. “Donostiara erosketak egitera etortzea erakargarria izan da betidanik, eta, orain, balio hori indartzea merezi duela uste dugu. Donostiako merkataritzak, ia hiri guztietakoak bezala, osasun krisiaren ondorioak jasan ditu, baina, kasu gehienetan, zaparradari eusten jakin du”.
Dinamizatzeko, eta “ekintza biralago bihurtzeko”, DSS Turismoak Gabonetako hiru turisaski sortu ditu hiriko produktu eta esperientzia batzuekin, eta jarraitzaileen artean zozkatuko ditu. 30 bat enpresen produktuekin osatuta daude saskiak: hirurek dute Donostian ostatu gau bat, eskaintza gastronomikoak, eta produktu eta esperientzien aukeraketa bat. Wellness saskia, Cooltura saskia eta Foodie saskia izango dira zozkatuko diren turisaskiak.
Saski horietakoren bat irabazteko interesa dutenek webgunean topatuko duten formularioa betez har dezakete parte zozketan: www.sansebastianturismoa.eus. Irabazlea urtarrilaren 10ean argitaratuko da DSS Turismoaren webgunean eta Instagram Stories-en.
Gabonetako agenda
DSS Turismoak turista kopuruaren igoera erregistratu izan du azken urteetan Gabonen garaian. Data horietan hiria turismo gune eta merkataritzarako gune gisa indartzeko asmoz, bazkide diren establezimenduekin batera lanean dihardu, hiria animatuko duten ekintzak ezagutarazteko.
Azaroaren 26an egingo die ongietorri ofiziala Donostiak Gabonei, argiak piztuta; “Kontxako badia eta Urumea ibaia izango dira protagonista nagusiak”. Honako hauek nabarmenduko dira: Kontxan jarriko duten 36 metroko noria handia, Urumearen pasealekuan izango den Gabonetako Azoka, erakusleihoen lehiaketa, musika, jarduerak, tailerrak…
Gabonetako jarduera guztiak, datak, kokapena eta ordutegiak webgunean kontsulta daitezke: www.sansebastianturismoa.eus azaroaren 26tik aurrera.