Oier Oaren lurralde debekua: arazo batetik, aukera bat sortu nahian
Oier Oa, Groseko bizilagun eta preso ohiaren egoeraren inguruan dinamika zabala abian da Lapurdin. Frantziako Estatuan bizitzeko debekua ezarri zioten 2015ean, baina emaztea eta hiru semeak Larresoron (Lapurdi) bizi direnez, bertan egon da lau urtez. iaz atxilotu zutenetik dinamika zabala ari da antolatzen Lapurdin. Oa hezitzailea den institutuko ikasle ohiek dokumentala aurkeztu zuten atzo Marruman, eta solasaldia egin zuten.
18 urterekin, lehen atxiloketa
Oa, 2002an atxilotu zuten lehen aldiz, Segiko kide izatea egotzita: “Hemezortzi urte bete berriak nituen, eta, beraz, egozten zizkidaten delituen garaian adin txikikoa nintzenez, libre utzi ninduten”. Gainerako kideak, lau urtez egon ziren espetxean, epaiketaren zain. Urte batzuk beranduago, Oak Lapurdira egin zuen ihes “gazteon kontrako jazarpena itogarria zela eta”. Oak onartzen du: “Bitxia da, gure herrian bertan erbestean, egotea”. Hainbat urtez bertan bizitza normala egiten egon ostean, Frantziako Poliziak atxilotu eta espainieratu egin zuten, Eneko Aizpuru Groseko bizilagunarekin batera.
2006an geratu zen aske Oa, eta 2009an epaitu behar zutela jakitean, ihes egin zuen berriz. “ETAn sartzea erabaki nuen, eta 2012an atxilotu eta kartzelan sartu ninduten berriz ere”. 2015ean, kondena bukatzerakoan “egoera aski bitxia” eman zela kontatzen du: “Espainiako Estatuak Euroagindu eskaera egina zuen, baina Frantziak ukatu egin zuen. Aldi berean, Frantziako Estatuan bizitzeko lurralde debekua ezarria nuen”. Frantziak ezin zuen kanporatu, baina ezin zuen Frantzian bizi. Parisko auzo batean konfinatu zuten Oa: “Kanpin denda batean bizi behar nuen. Ezin nuen lanik egin, ez ikasi, ez nuen paperik ere”.
Lurralde debekuarekin bizitzen
Hilabete batzuen ostean, berriro espainieratu zuten Oa, eta libre utzi zuten. Lurralde debekua altxatzen saiatu zen bi aldiz, familia Lapurdin bizi zela eta. Bi aldietan ukatu egin ziotenez, zer egin erabaki behar izan zuten: “Bi aukera genituen emaztea eta bi semeekin Donostiara bizitzera etorri, edo arriskatu eta Lapurdin bizitzen saiatu, jakinda arriskua bazela”. Preso ohiak azaldu zuenez: “Semeak errotuak daude Larresoron, eta sustrai horiek erauzte bidegabea zela uste nuen. Horregatik, arduraz jokatzea arriskuak hartzea izan zen”.
“Lau urtez bizitza normala egin nuen Larresoron. Ez nintzen klandestinitatean bizi: lana nuen, segurantza soziala… Jende normalak dituen arazoak izan nituen: Larresoroko haurren pilota entrenatzailea da, kotxe istripu batengatik poliziarekin tratatu beharra, errepide kontrolak…”. Eta ez zuten sekula atxilotu. Iaz ordea, kontrol arrunt batean, lurralde debekuaren harira, atxilotu eta kanporatu egin zuten.
Orduan “izugarrizko sostengu kanpaina abiatu zen, Bernat Etxepare Institutuan eta Larresoron”. Ikasleek ez zekiten Oierren egoeraren berri, eta “harrituta geratu ziren”. Dokumentalean erakusten den moduan, ikasle zein irakasleek asko babestu dute Oa, eta erdi bideko formulak bilatu dituzte lanean jarrai dezan, “teknologiak ahalbidetzen duen heinean”.
Bi epaiketaren zain
Egun, bi epaiketa ditu martxan Oak. Lehena lurralde debekua urratzeagatik. Bigarrena, lurralde debekua kentzeari buruzkoa. Izan ere, atxiloketa eman zenean, lana eta seme jaio berri bat zituenez, berriro auzia irekitzea bilatu zuten: “Arazo baten aurrean, aukear bat ikusi dugu, eta saiatuko gara lurralde debekua altxatzen”. Igor Uriarte preso ohiari berriki kendu diotenez, “esperantzaz” daude Oa eta ingurukoak. Abenduaren 6an emango du epaileak sententzia, eta beraz, lurralde debekua urratzeagatik egin beharreko epaiketa otsailera atzeratu da.
Oak gogoratu zuen ehundik gora lagun daudela lurralde debekuarekin: “Gatazkak utzi dituen muturreko egoeren ondoan, ez da oso egoera ezaguna. Baina bada garaia auzi honi eusteko, eta gure herrian libre bizi ahal izateko”.