'Pangea' kantu eta bideoklipa kaleratu du Mugan talde donostiarrak
![](https://irutxulo.hitza.eus/site/files/2021/11/aiora-enparantza.jpg)
‘Pangea’ kantua kaleratu du Mugan talde donostiarrak, bideoklip eta guzti. Single berria, datorren urtean kaleratuko den diskoaren parte izango dela adierazi dute. Pop, folk eta amerikana erritmoetan oinarrituz, kantu bero eta udatiarra eskaini dute donostiarrek, Aiora Enparantza eta Harkaitz Ardanaz aktoreen lanarekin.
2017ko udan ausartu zen lehen aldiz Pablo Zurutuza abestiak sortzen, gitarra eta ahotsa baliatuta. Lehen kantu horiek bere lagun Joseba Pastorri erakutsi eta hark baxu elektrikoa gehitu zien. Gerora Mugan taldea izango zenaren lehen haziak izan ziren.
Urtebete pasa zuten kantu berriak sortzen, euren erreferente zirenen folk soinuari izaera propioa eman nahian. 2018. urtean, lagunarteko plana zena musika talde bilakatu zen. Hasiera batean, Enara Rodriguez sartu zen pianoan, eta Markos Murua tronboia jotzen. Beranduago, Eneritz Genuaren biolina eta Garazi Aranbururen ahotsa ere batu zitzaizkien. Amaitzeko, Ander Murua gehitu zen baterietan.