Donostiako intzidentzia metatua 231ra igo da
Azken astean, azaroaren 8tik 15era, 241 koronabirus kasu atzeman dituzte Donostian, pasa den astean baino 90 kasu gehiago. Intzidentzia metatua ia bikoiztu egin da, 231,15ekoa da orain, eta joan den astean 126,10ekoa zen, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera. Bihar iragarriko ditu Jaurlaritzak, 150etik gorako intzidentzia metatua duten herrietan bete beharreko neurri murriztaile berriak. Honakoak dira hiriko kasu positiboak, egunez egun: astelehenean 5, asteartean 25, asteazkenean 32, ostegunean 48, ostiralean 37, larunbatean 55 eta igandean 39.
Intzidentzia osasun eremuka
Jarraian, hiriko osasun eremu bakoitzean azken astean atzemandako positibo kopurua eta intzidentzia metatua.
- Amara Berri: 57 (276,90)
- Altza-Roteta: 34 (255,17)
- Gros: 49 (246,52)
- Egia: 21 (229,95)
- Intxaurrondo: 16 (227,83)
- Parte Zaharra: 15 (195,09)
- Aiete: 12 (192,52)
- Amara-Erdialdea: 13 (168,93)
- Ondarreta: 35 (152,21 )
- Bidebieta: 9 (138,75)
- Loiola: 3 (109,02)
Neurri eta gomendio orokor berriak
Oro har, pertsonen artean 1,5 metroko distantzia gordetzeko ahalegina egin beharko da leku publikoetan, eta distantzia hori gordetzeko are ahalegin handiagoa egin beharko da barruti itxietan.
Modu berean, eskuak soluzio hidroalkoholikoarekin edo ur eta xaboiarekin sarriago garbitzeko ahalegina egin beharko da.
Erabilera publikoko establezimenduek eta lekuek etengabeko aireztapena bermatu beharko dute.
Maskaren erabilera
Maskara erabiltzeak nahitaezkoa izaten jarraitzen du erabilera publikokoa den edo publikoarentzat zabalik dagoen edozein espazio itxitan. Aire zabaleko espazioetan maskara nahitaez erabili beharko da, baldin eta pertsonen artean gutxienez 1,5 metroko distantzia etengabe gordetzeko aukerarik ez badago, bizikide diren taldeetan izan ezik.
Edukiera
5.000 pertsona baino gehiagorentzako edukiera duten barruti itxietan, gehieneko edukiera %80koa izango da, eta ezingo da elikagairik edo edaririk kontsumitu ekitaldietan, ez barrualdeetan ez kanpoaldeetan.
Ordutegiak
Merkataritza, gizarte eta kultur jardueretarako ixteko eta irekitzeko ordutegia horren inguruan aplikagarria den ordutegien ohiko arauketara egokituko da.
Ekitaldiak
Ekitaldiak antolatzean, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ezartzen dituen jarraibideak bete beharko dira. (Hemen argitaratuko dira, datozen egunotan: www.euskadi.eus/koronabirusa).
Ekitaldiak egin bitartean, barneko eta kanpoko barrutietan ura baino ezingo da kontsumitu; beste elikagairik eta edaririk ezingo da hartu. Elikagaiak eta edariak ostalaritzako eta jatetxeetako espazioetan baino ezingo dira saldu eta kontsumitu. (Adibideak: futboleko edo beste kirol batzuetako partidak, kontzertuak…).